Liburuaren Eguna hainbat ekimenekin ospatu zen atzo
Datorren astean bi sari lehiaketa egingo dira
ANDER SALEGI
DEBA.
Igandea, 24 apirila 2022, 00:05
Atzo hasi eta apirilaren 29ra arte hainbat ekintza antolatu dira Liburuaren Eguna ospatzeko. Adin eta gustu desberdinak dituzten pertsonak asetzeko moduko egitaraua prestatu dute herriko hainbat eragilek elkarlanean.
Liburuaren Eguna atzo izan zen. Kultur Elkarteko plazan, 11:00etatik 14:00etara liburu azoka berezi bat jarri zen. Bertan herriko liburu dendek, Masillok eta Arkatzak, parte hartu zuten, bertara gerturatu zirenak aukera izan zuten Kultur Elkarteak eta Udalak argitaratutako liburuak ikusteko. Tene Mujika hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan hainbat ekimen antolatzen ari da Udala, haren irudia eta egin zuen lana gogoratzeko, eta egun horretan bertan, 13:00etan Tene Mujikaren poesiaren irakurraldia egingo da, Bermut literarioa eta mikro irekia formatuan.
12:00etatik aurrera herriko idazleak beraiek idatzitako liburuak sinatzen egon ziren. Goizane Aizpuruak; 'Afasia Air Lines' (2018) eta 'Izarak' (2021) liburuak idatzi ditu. Nerea Loiolak hiru liburu idatzi ditu: 'Harri bat poltsikoan' (2018), 'Azken Lanhutarra' (2019) eta 'Epizentroa' (2021). Maitane Unanue 'Hirugarren Ordua' (2022) liburua idatzi du eta Myriam Martinek 'Viaje a Deba' (2022).
Ekintzak asteartean jarraituko dute. Luzaro Eskolak antolatzen duen umeen ipuin lehiaketaren sari banaketa egingo da, 11:00etan udaletxeko osoko bilkuren gelan. Ekimen horren bitartez gaztetxoak liburuen mundura erakarri nahi dira, irakurketa eta idazketa landuz. Aurten, ekitaldia, iaz ez bezala, osasun pandemiak eragindako edukiera mugarik gabe egin ahal izango da, eta hortaz, protagonistek merezi duten aitortza jasoko dute.
Hilabete honetako irakurketa klubaren saioa 27an, 19:00etan, egingo da Ostolaza Udal Liburutegian. Ander Izagirreren 'Potosi' liburua landuko dute, Ainhoa Aldazabalek gidatuta.
Azken ekitaldia 29an egingo da, Fundación Cárdenas eta Udalak elkarlanean antolatzen duten 'Deba ehun hitzetan' literatur lehiaketaren sari banaketa, hain zuzen ere. 19:00etan Kultur Elkartean egingo da, Musika Eskolako musikariek lagunduta.
Esan bezala, gustu, nahi eta adin tarte desberdinetako pertsonen interesak asetzeko moduko egitaraua, beti ere, irakurzaletasuna, literatura eta kultura bultzatzeko helburuarekin.