Inoiz izan duen aurrekonturik altuena onartu du Itziarrek 2021erako
Milioi bat euro pasatxo izango ditu eskura tokiko erakundeak eta laurdena inbertsioetara bideratuko du
ANDER SALEGI
Deba
Jueves, 4 de febrero 2021, 19:48
Itziarko Auzo Udalak onartu ditu 2021eko bere aurrekontuak. Horien arabera, 1.090.562 euro edukiko ditu eskuragarri tokiko erakundeak, sortu zenetik izan duen kopururik handiena
Erakundea 2015ean martxan jarri zenetik lehenbiziko aldiz, aurten aplikatu da legez dagokion formula osoa aurrekontuen zenbatekoa kalkulatzerako orduan. Honenbestez, 2021 urtean Itziarko Auzo Udalak dagokion diru kantitatea jasoko du Debako Udaletik. Kopuru hau Debako aurrekontu-kapituluen zenbatekoaren arabera zehazten da eta hortik finantzatzen da ia osorik Auzo Udala. Zuzkidura honen kalkulua egiteko aurreko urteetan bi instituzioen artean izan diren irizpide kontrajarriak gainditu egin dira aurten eta azken hilabeteetan burututako elkarlanak posible egin du auzo udalak dagokion kopuru osoa jasotzea.
Arantza Egaña auzo alkateak modu oso positiboan baloratu du nolakoa izan den aurrekontuak adosteko aurtengo prozedura: «Sei urteren ondoren lehenbizikoz jaso du Itziarko Auzo Udalak legez dagokion diru-kopurua. Goraipatzekoa iruditzen zaigu, izan ere, urteroko aurrekontuak eztabaida iturri izan dira, eta gure desadostasuna adierazi izan dugu auzo udalaren aurrekontuari urteetan murrizketak egin dizkiolako Debako Udalak. Aurtengoa prozedura zuzena izan da, eta eskaera konkretuak ez dira ezbaian jarri. Aurreikusita genituen hainbat proiektuetara bideratu ditugu aurrekontuak eta pandemiak sortu dituen beharrizan berriei lehentasuna eman diegu, hala nola, plazako aterpea berreskuratzea eskola umeentzat. Adostasun honetan lagungarria izan da hitzarmenaren sinadura eta EH Bilduk, Debarren Ahotsak eta EAJak berau babestu izana: honek elkarlan insitutuzionalean konfiantza giroa sortu du. Honela, Itziarko Auzo Udaletik martxan daukagun programa garatzea dugu helburu, aurreikusita dauzkagun inbertsioak pixkanaka gauzatuz».
287.938 euro inbertsioetara
Aurrekontuaren %26,4 inbertsioetara bideratuko da, 287.938 euro guztira. IAUk dituen eskumenak azpiegitura eta landa garapenarekin oso lotuta daudenez, inbertsio hauetako gehienak oinarrizko azpiegitura berrietara daude bideratuta. Zerrenda honetan dauden diru-partidarik esanguratsuenak Itziarko sarrera asfaltatzea (40.000 euro), Lasturko gas hornidura berria (20.000 euro), markesina berriak (20.000 euro), buzoien aldaketa (5.000 euro) edo argiteria publikoa berritzearena (10.000 euro) dira. Honekin batera, azken urteetan egindako lanari segida emanda, baserri bideen konponketan jarraituko da. Alor honetan aurreikusten den inbertsiorik esanguratsuena Antsorregi-Arriola bidearen lehen erdia izango da (40.000 euro).
Inbertsio hauez gain, gastuei dagokienean, zaborren kudeaketa da gaur gaurkoz diru gehien eskatzen duen kontusaila, aurrekontu osoaren %37,6 honetara bideratzen baita (410.000 euro). Transferetzien alorrean, herriko elkarte eta hitzarmena sinatuta dugun erakundeetara (Gurutze Gorria, Debemen…) 95.000 euro zuzenduko dira. Honen baitan gorde da banda zabala baserri eremuetan instalatzeko dirulaguntza kofinantziatzeko diru-partida, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinantzen denerako.