Komiki bat online sortzeko gonbita luzatu die Igartubeitik familiei
Museoko arduradunek irudiak osatu dituzte eta parte-hartzaileek hitzak jarri beharko dituzte
MIRYAM GALILEA
Ezkio-Itsaso
Miércoles, 3 de febrero 2021, 19:28
Igartubeiti Baserri museoak lanean jarraitzen du eta aurreko urtean martxan jarri zen ekimen batean parte hartzeko aukera zabaldu du berriro ere: komikiak on line sortzearena, hain zuzen. Izan ere, eezagunak dira Igartubeiti museoak familiei asteburuetan eskaintzen dizkien tailerrak, aktiboak, hezitzaileak eta anitzak. Azken hilabeteetako egoera dela eta tailer hauen kopurua asko murriztu da baina, hala ere, on line egin daitekeen ekimen honek zabalik jarraitzen du, etxetik familiek ondo pasatu eta parte hartzeko aukera izan dezaten.
'Baserri Museoko familiak sarean' jarduera iaz jarri zen abian, familian dibertitu eta entretenitzeko xedez. Hala, haur eta familiak euren etxeetatik abentura birtual honetan bidelagun izatera gonbidatzen dituzte.
«Koadroek, komikietako irudiek edota argazkiek hamaika istorio kontatzen dizkigute, baina askotan guk ezin ditugu horiek aldatu. Igartubeiti Baserri Museoak, Zumalakarregi Museoak eta Euskal Itsas Museoak, zuek komiki baten idazle bilakatzea nahiko genuke. Guk irudiz beterik dagoen komiki bat egin dugu eta familiek idatzi beharko duzue!, adierazi dute Ezkio-Itsason dagoen museotik. Jarduera hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Museoko Familiak sarean ekimenaren bigarren pausoa da eta Google Classroom plataformaren bitartez parte hartzeko aukera dago.
Parte hartzeko pausoak
Parte hartzeko pauso erraz batzuk jarraitu behar dira: tailerrean izena eman, honetarako metxeberria@k6gestioncultural.com helbidera idatziz; webgunean azaltzen den grabaketa entzun; pixka bat itxaron, museoa zurekin harremanetan jarriko baita funtzionamendua azaltzeko; gmail kontua erabili eta hau ez baduzu, sortu beharko da, bertara kode bat bidaliko dizutelako; eta azkenik, esperientziaz gozatzea besterik ez da falta.
Bai komikia eta baita protagonistaren irudia ere www.igartubeitibaserria.eus web orrian deskargatzeko aukera dago, Familiak Sarean atalean klikatuz.
Erakusketa ikusgai
Epea luzatu du Igartubeiti Baserri Museoak eta otsailaren bukaera arte ikusgai izango da 'Mundua hasi zenean... Pirineoetako mito eta kondairak' erakusketa.
Erakusketa hau lau hizkuntzatan dago egina: gaztelania, katalana, euskara eta frantzesa. Ikus-entzunezko muntaketa da, haranetan eusten den ahozko ondarearen aniztasuna eta era berean Pirinioetako kultur batasun ukaezina erakusten duena.
Azalpenezko formatuari dagokionez eta Covid 19aren segurtasun neurriak ezarriz, mugikorretan deskargatu daitezkeen ikus-entzunezko baliabideak garatu dira erakusketa honetan. Horrela, interpretazio zentroko gelan zehar mahai desberdinetan kokatuta daude informazio panelak, bakoitzean QR kode bat topatzen dugularik; azalpenak, esan bezala, lau hizkuntzatan daude: gaztelera, katalana, euskara eta frantzesa.
Erakusketa otsailaren 28ra arte egongo da Ezkioko museoan: asteartetik ostiralera, eta igandetan, goizeko 10:00etatik 14:00ak bitartean; larunbatetan goizetan zabaltzeaz gain, arratsaldeko 16:00etatik 19:00ak arte egongo da zabalik; eta astelehenetan itxita dago.