San Joan bezperako topaketarako behar den guztia prest dago
Haurren kaskarinak, sorgin-afaria eta ondorengo suaren festa izango ditugu aurten ere San Migel parrokia pareko zelaian
Gau berezia izaten da beti ekainaren 23koa, San Joan bezpera, sua, sorginak, musika eta azken finean ospakizun eta festa giroa herrira ekartzen dituena. Afaltzeko elkartu, lagun artean gustura egon eta gaua egin bezain pronto argitasuna bueltatzen du suaren indarrak. Aurten ere ospakizun berezia antolatu dute ezkiotarrek egun honetarako eta ordurako dena prest dute dagoeneko.
Publicidad
Urtero aurrera eramaten duten bezala oraingoan ere San Joan bezperako sua piztuko dute San Migel eliza parean, solstizio berriari elkartasuna, osasuna eta ongizatea eskatuz, eta honen inguruan festa giroa izango da herrian.
Yartu Kultura Elkarteak eta Ezkioko Udalak antolatuta, hurrengo asteko larunbatean suaren inguruko festa aurrera eramango da Ezkioko eliz atarian, bertan haur, gazte eta helduak elkartuko direlarik.
Urtez urte festa giroa areagotuz joan da eta geroz eta herritar gehiagok parte hartzen dute festa honetan. Hasiera batean afari xumea eta suaren piztea egiten zen bain urteen poderioz gauzak gehitzen joan dira: antzerkia, mozorroak, queimada, sorginak... eta gaur egun herritar ugarik, txiki eta handiek, parte hartzen dute ospakizun honetan eliz pareko zelaia betez.
Egitaraua
Arratsaldeko 20:15ean elkartuko dira umeak eliz-atarian «kaskarinak burutzeko», eta ordu laurden beranduago bilduko dira herritarrak «sorgin afaria» egiteko. Urtero egiten den bezala, bakoitzak bere afaria eta edaria eramango ditu eta atarian kokatutako mahaietan elkartuko dira guztiak.
Jarraian, gaueko 22:00etan suaren festa hasiko da: kanpaiak gogoz joka, suziriak, txalaparta, bertsoak, bedeinkazio laikoa, suaren piztea, sorgin dantza, su jauziak, queimada, txokolatea eta bizkotxoa ere ez dira faltako. Urtez urte herritarrek prestatzen duten antzerki edo ikuskizuna osatuz doa, suaren inguruko festa honek ezaugarri guztiak batetzen dituelarik.
Publicidad
Tradizioa mantenduz, zaharra eta txarra desagertzeko asmoz ere ezin da ahaztu San Joan bezperak ematen duen aukera. Eskolako apunteak, liburu eta koadernoak ez dira inoiz falta baina herritar helduek ere papertxo txikiak botatzen dituzte, bertan norberak sutara bota nahi duena idatzi duelarik. Beraz, nahi ez dugun guztia sutara bota eta solstizio berriak osasuna, ongizatea eta elkartasuna ekar ditzala!
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión