Garaipen bikoitza lortu du Aitor Tatiegik, Gipuzkoako eskolartekoa eta Gaztelekuko bertso-paper lehiaketa

M.G. OÑATI.

Aitor Tatiegik garaipen bikoitza lortu du asteburuan. Ostiralean Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko sariketan, txapeldun. Igandean, berriz, Gaztelekuak eta Txinparta Bertso Eskolak antolatutako X. Bertso Paper lehiaketaren irabazle, nagusienetan.

Tatiegi da Gipuzkoako Eskolarteko txapeldun berria, ostiralean Lasturren jokatutako finalean nagusitu baitzen bertsolari oñatiarra. Aner Peritz 'Euzkitze' zarauztarra izan da txapeldunordea bien arteko lehia estuan. Zortziko handian, txikian, lau oinak, puntua eta bakarkako bertsoa izan ziren egin beharreko ariketak, eta Tatiegi, orokorrean, orekatuena izan zen.

Oroigarri preziatua, etxekoen eskutik jaso zuen txantxikuarrak. Urteetan zehar egindako ibilbidea eskertzeko, Txinparta Eskolakoei eskaini bait zien antolatzaileek irabazleari txapela janzteko aukera eta Iñaki Olaldek jarri zion.

Eskolarteko Bertsolari Txapelketari otsailaren 15an eman zitzaion hasiera eta lau kanporaketa jokatu dira, guztiak bertso afari formatuan.

Parte hartu duten 23 bertsolarietatik zortzi sailkatu ziren finalerako. Aitor Tatiegirekin batera, Uxue Alkorta, Aner Peritz 'Euzkitze', Haizea Arana, Imanol Albizu, Oihana Arana, Igauri Lopetegi eta Maddi Aiestaran aritu ziren kantari. Txapeldunak eta txapeldunordeak Gipuzkoa ordezkatuko dute, ekainaren 8ean Saran ospatuko den Euskal Herriko Eskolartekoan.

Bertso paper lehiaketa

Bertso kontuekin jarraituz, Gaztelekuak eta Bertso Eskolak antolatutako X. Bertso Paper lehiaketak baditu irabazleak eta haien artean dago baita Aitor Tatiegi. Lan mordoxka aurkeztu dira aurtengo edizioan ere, guztira , 80 lan inguru jaso dira. Sari banaketa domekan egin zen Gaztelekuan bertan, Onintza Enbeita Bizkaiko txapeldunaren partaide-tzarekin.

Lehen hezkuntzako sailean lehenengo saria Etxaun Lizarraldek irabazi zuen,bigarrena Lide Mendarozketak, hirugarrena Irati Mendizabalek, laugarrena, Maider Alberdi eta Izaro Elgero bikoteak eta bosgarrena Naroa Morenok. DBH eta batxilego sailean berriz, lehenengo saria Aitor Tatiegik eskuratuko du, bigarrena Bittor Zubiagirrek eta hirugarrena Lide Arregik.

Gaztelekuko Bertso paper lehiaketa 10 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta bi talde bereizten dira: lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak batetik eta bigarren hezkuntzakoak bestetik.