Urbaltzeko bazkideek eta Montferrikoek 4. topaketa egingo dute asteburuan
Tarragonako Montferri herritik 47 bizilagun etorriko dira bigarrenez Aretxabaletara elkar-truke ekimenaren baitan
Urbaltz elkarteko bazkideek eta Tarragonako Mont-ferri herriko bizilagunek laugarren topaketa egingo dute asteburu honetan. Egitaraua ostiraletik igandera luzatuko da eta ekintza ugari antolatu dituzte. Halanola talo-txosna eta bertako produktuen pintxoak eta Monteferrikoei ongi etorria egubakoitz arratsaldean, eta artisau garagardo dastaketa, musika emanaldia eta herri bazkaria zapatuan, eta zenbait ekintza kultural domekan.
Montferri, Kataluniako herri txiki bat da. Unai Iturriotzen hitzetan «Urbaltz Elkarteko bazkide batzuen harreman pertsonala medio, elkar-truke ekimena planteatu zen. Horrela, 2019ko otsailean hemendik hara autobuskada bat joan ziren eta 2019ko ekainean alderantziz, handik hona beste autobuskada bat; adin guztietako montferritarrak etorri ziren: ume, gazte, heldu eta nagusi».
Pandemia dela-eta 2020 eta 2021ean ezin izan zuten topaketarik edo elkar-trukearik egin, «baina 2019an sortutako harremana mantendu genuen» dio Iturriotzek.
2022an, otsailean, autobus bete atxabaltar Montferrira joan ziren eta oraingoan, 2023an, kataluiniarrei dagokie hona etortzea. «Beraz, honakoa egiten dugun 4. topaketa edo elkar-trukea da».
Oraingoan, guztira, Montferriko 47 pertsona etorriko dira. Aretxabaletara. «Guztiak gure etxeetan hartuko dute ostatua, astebukaera horretan» dio Unai Iturriotzek. «Gure kasuan topaketa eta Urbaltzek urtero egiten duen elkartearen eguna bateratu egingo ditugu».
Egitaraua
Ostiralean emango diote hasiera topaketaren egitarauari Mitarte plazan talo-txosnaren irekierarekin 20:30ean. Zaloña-Aurrekoa baserrikoek hanburgesa-otartekoak jarriko dituzte, eta gazta pintxoak Mendibitzu, Etxezuri eta Gazteluko haitzakoek. Guzti hau musikaz girotuta egongo da, herriko gazteen eskutik.
Larunbat goizean Eskoriatzako Ferixara joango dira katalenekin. 13:00etan Montferriko Clandestines artisau-garagardo barra irekiko dute. 'Clandestines de Montferri' herri hartan egiten den artisau garagardoa da. Hainbat motako egiten dituzte, guztiak artesanalak. Beraien bizpairu artisau-garagardo barril ekarriko dute. Hurbiltzen denak dastatzeko aukera izango du.
Arratsaldeko 13:30ean Trigger&Larraitz Iparragirre live art show-a izango da. Trigger, Eñaut Zubizarreta Mendieta biolentxelo jolearen izen artistikoa da. Larraitz Iparragirre marrazkilaria da. Bien artean inprobisazio-ikuskizun bat egingo dute, lehenengo aldiz, musika eta pintura uztartuz. Batek musika jo-tzen duen bitartean, besteak marraztu eta margotu egingo du. Sormen ekintza bat izango da.
Herri bazkariaren ostean, arratsaldean Aretxartek antolatutako ekintzetan parte hartuko dute. Iluntzeko 21:30ean afari-pasada egongo da, 5 euroren truke. Ondoren 22.30etan izango den bolo-txapelketan izen-ematea 5 euroko izango da. Irabazleak txapela eta 100 euroko saria jasoko du; bigarrenak 50 euro, cava botila eta ardo botilak; hirugarrenak 25 euro, cava eta ardo botilak, eta azkenik Urbaltzeko bazkide onenari cava eta ardo botilak emango dizkiote.
Egitarauari amaiera emateko, igandean hainbat ekintza kultural egingo dituzteko goizean katalanekin: kooperatibismoari buruzko solasaldia; 'Erraiak' dokumentalaren proiekzioa eta Ekain Martinez de Lizarduy egilearekin solasaldia; Areantza- Etxeberriko behi ustiategia ezagutu, eta Mendibitzu baserrian gazta egin.
Urbaltz Elkarteko bazkideek eta Montferritarrek ekintza hauetako batean izena emateko aukera aurrez zabaldu zuten eta laurak burutuko dituzte. Elkarrekin bazkaldu ondoren, igande arra-tsaldean katalanak berairen herri itzuliko dira.