Borrar
CULTURA

Finaleko beste irabazlea

Joanito Dorronsoro: «Bertsolariak ez dira jartzen doinuaren morroi, doinua tresna dute»

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 15 de diciembre 2013, 14:17

Igandean BECen, Joanito Dorronsorok, aspalditik Zumaian bizi den 77 urteko ataundarrak, jantziko dio txapela txapeldunari, Bertsozale Elkarteak hala erabakita. «Alde batetik poza eta esker ona sentitzen dut, nire lana aintzako-tzat hartu dutelako. Baina kezka eta urduritasuna ere bai; ez naiz oso plaza-gizona ere... Nire asmoa da ahal den gehiena gozatzea. Bertsozalea naiz aspalditik eta finala gertakizun oso inportantea da», adierazi digu.

Tarteka jarri izan ditu bertsoak, baina han oholtzan ez du bertsotan jardungo. Ez du bertsorik eramango, eta apenas hitz egingo duen. «Protagonistak bertsolariak dira».

Berak ez du bere burua bertsolaritzat hartzen. «Zalea, hori bai. Ida-tzi izan ditut bertso batzuk, kostata, batez ere familiako ospakizunetarako. Inongo pretentsiorik gabe. Iruditzen zait gauza polita dela gero bertso horiek guztion artean kantatzea».

Gizon honen biografian hiru datu nagusi daude: Zumaiako bertso-eskola sortu zuen, bertsolaritzari buruzko lehenbiziko liburu didaktikoak burutu zituen ('Bertsotan I' eta 'Bertsotan II') eta hamarkadak eman ditu bertso-doinuak bildu, sailkatu eta aztertzen.

«1980an mugimendu handia sortu zen bertsoaren inguruan, ni tarteko beste askorekin batera. Saiatu ginen bertsoak eskolan txertatzen. Zavalak berak idatzi zuen, ikusirik baserri mundua beherantz zetorrela: 'Nere ametsa litzake noizpait bertsoa eskolan erakustea'».

Dorronsorok, ordurako, apaizgintza utzita zeukan eta ezkonduta zegoen. Aurretik 'apaiz obreroa' izana zen, besteak beste fundizio batean jarduna. Eta 70eko bukaera aldera testuliburuak egiten aritua, Bizkai aldean, 'Saioka' bildumako liburuak, hain zuzen ere. Orain bi aste hil den Boni Urkizu abade euskaltzalea izan zuen lankide.

Hasi zen lanean Zumaiako ikastolan -sortzaileetakoa izana zen- eta eginkizunetako bat 'Bertsotan I' eta 'Bertsotan II' bertso-antologiak prestatzea izan zuen. «Horretan ari nintzela, konturatu nintzen bidezkoa zela bertsoaren bukaeran musika ipintzea, solfeoz idatzita. Eta behin okurritu zitzaidan: ez legoke batere gaizki doinuak sailka-tzea neurriaren arabera: batetik, zortziko txikikoak, bestetik hamarreko txikikoak...».

Hasiera batean berrehun bat doinu bildu eta sailkatu zituen, «bertsolarien zerbitzurako. Zeharo egin gabeko lana zen». Gainera, bi liburu haiekin kaseteak ere atera zituzten.

Beraz, hasi zen doinu biltzen 80ko hamarkada hasiera aldera, eta geroztik ez da gelditu. «Gero konturatu nintzen Azkuek eta Aita Donostiak herriz herri jaso zituzten doinu gehienak bertsoak zirela. Gainera, Azkuek egiten zuen bertsoa aldatu, lotsatuta, iruditzen zitzaiolako bertso eskasa zela».

Bilketa lan hura ez zen erraza izan. Orduan bitarteko teknologikoak urriak baitziren. «Ni alde horretatik prehistorikoa naiz. Hortxe dauzkat gordeta fitxatxoak, paperean egindakoak».

«Oso inportantea zen doinua izendatzea -jarraitzen du-. Doinu askok ez zeukan izenik, eta irizpide hau erabili nuen: doinuari izena, bertsoaren hasiera ipiniko nion; eta beti bertsiorik ahal den zaharrena gorde. Pello Errotak ibili baldin du, ez dut jarriko Uztapiderena».

Oso arlo irristakorra omen da. Doinua sailkatu eta handik gutxira edo handik urteetara beste bat ager liteke oso-oso antzekoa. Zer egin horreloakoetan? «Oso antzekoak direnak kendu beharra dago. Bestela 20.000 dira eta galdu egiten zara. Hala ere, zenbait salbuespen badira, nortasuna duten bertsioak iruditu zaizkidalako».

Gero, 1995ean, Bertsozale Elkartearen bidez 'Bertso Doinutegia' liburu-sorta publikatu zuen, datu-base ikaragarri zabala, gaur egun agortuta dagoena. Baina harrezkero, bilduma horren Interneteko bertsioa gizentzen eta gizentzen joan da, eta orain 3.125 doinu dira guztira.

Herri-doinu asko jaso ditu beharbada bertsotan erabili ez direnak, «baina egokiak direnak, eta eliz-musika asko ere bai, erabil daitezkeenak. Egia da, baita ere, Elizak herriko asko jaso dituela, eta sorburua non dagoen ez dakizu. Eta, badakizu gregorianoak ere antz handia duela askotan bertso-doinuena».

-Bai?

-Bai, gizona. Eta gregorianoa bera ere Italiako goialdeko artzainen musika dela esaten dute. Doinu silabikoak dira eta ez dute salto handirik.

-Esan kantari on batzuen izenak.

-Gustua erlatiboa da, baina normalean bertsolari ona kantatzen ere ez da txarra. Kantari onak? Uztapide bat, Lasarte... Bakoitza bere estiloan. Lazkao Txiki ere artista zen: arin-arin egiten zuen, ahots eskasa zuen hala ere. Gero bertsolariek hori dute: ez dira jartzen doinuaren morroi. Beraientzat, doinua tresna da, eta egokitu egiten dute bere arnasera, bere egoerara. Nik bertsozale askori aditu diot: baina Uztapide baino kantari hobeagorik ba al dago? Ez da izango liriko distiratsu horietakoa, baina beti gozo; bajutikan beti, umil-umil, gozo eta erraz iristen zena jendearengana. Basarri ere ona zen, baina harena beste estilo bat, solemneagoa. Orain ere badaude oso onak. Ikasi egiten dute arnasa har-tzen, eztarritik airea botatzen...

-Eta badaude doinu batzuk bereziki maiteak: Leteren 'Habanera', adibidez.

-Oraingo bertsolariak belarria beti erne ibiltzen dira. Nik uste dut doinuak, ona izango bada, errepikapena eduki behar duela. Esfortzu gehiegirik ere ez dago eskatzerik bat-batean entzuten ari denari. Normalean lau puntu edo bost izaten ditu, eta lau bariante baldin baditu, laugarrena bigarrenaren antzekoa. Nik uste dut bi lege daudela: doinuak ez du oso zaila izan behar, eta zeharo diferente ere ez. Eta hor badago galdera zail bat: zergatik Leteren doinuek halako arrakasta? Nik ez dakit.

-Doinu berriak ere ari dira sor-tzen.

-Batez ere 80tik atzera. Lehen, askoz doinu gutxiago erabiltzen ziren. Bai Txirritaren garaian bai Basarri eta Uztapiderenean oso doinu gutxi ziren. Jeneralean doinu bera erabiltzen zuten: Zepairena, Txapelena... Gero, batzuk gogoeta egiten hasi ziren, eta Lopategi izan zen lehena kantari baten doinua hartu zuena: Julen Lekuonaren 'Hiltzaile bat bezala' hartu zuen. Eta jendeak: honek zer egin du? Gero Amuriza ere hasi zen.

-Txapelketak saio-leku izan dira doinu berriak probatzeko.

-Saria ere ematen zen garai batean doinu berri onenarentzat. Gogora-tzen naiz Patxi Etxeberriak nola irabazi zuen behin. Orain enkargatu ere egiten zaio doinua musikari jendeari.

Soldatapeko bakarra

Ez dira hor amaitzen Joanitoren merituak. Zumaiako bertso-eskola sortu zuen eta gidatu hainbat urtez. Jon Sudupe azkoitiarra, gero saiogile handi eta saritua bihurtuko zena, irakasle ari zen Zumaiako ikastolan, eta hark esan zion hasi beharko lukeela hango ikasleei musika piska bat irakasten. Hartu pianoa eta hasi zen. 1978an-edo izango zen. Eta handik gutxira, ikastolako batzordeko beste batek esan zion bertsoak irakasten hasiko al zen. Eta Joanitok baietz. «Nik uste dut garai hartan bakarra izan nintzela eskola batean bertsoak erakusten zituena soldata ordainduta. Hala tokatu zen. Eta gero bertso-eskola sortu genuen».

Makina bat neska-mutiko trebatu zuen bertsogintzan. «Nirekin ibilitako bat, Josu Garate, izan zen lehenengoetako txapelduna. Joxe Joakin Aizpurua eta Felix Aizpurua ere bai, eta beste asko. Baina batez ere nabarmendu dena, Jon Maia».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Finaleko beste irabazlea

Finaleko beste irabazlea