Florentino Goiburu bertsolaria hil da 79 urte zituela
1974an zer esana eman zuen 'berriz' errima hiru aldiz erabilita bertso ederra osatu zuelako
FELIX IBARGUTXI
Viernes, 30 de marzo 2012, 04:06
Florentino Goiburu bertsolari eta artzain idiazabaldarra atzo hil zen bere jaioterrian, 79 urte zituela. Besteak beste, Zepai saria irabazitakoa zen lehenengo urtean, 1971n.
Azkeneko urteotan Segurako zaharren egoitzan bizi izandakoa zen. Atzo, bere anaia batekin, baserrira joan zen, eta hain zuzen hantxe, jaiotetxean, ondoeza eman eta hil egin zen.
Erdiko baserrikoa zen. Gaztetan artzain jardun zen, Urbian-eta. Hogeita hamabi bat urte zituela, langintza hori utzi eta Iurreko oxigeno-fabrikan hasi zen. Eta, hainbat urte pasata, handixe jubilatu zen. Sekula ez zuen baserria aparte utzi. Fabrikan lan eginda ere, bazituen behiak eta behorrak.
2007an Idiazabal Gazta Izendapenaren omenaldia jaso zuen Idiazabalgo Gazta Egunean. Bertsoz eskertu zuen. Umorea eta esker ona uztartu zituen herritarren aurrean egindako saioan.
Makina bat aldiz kantatu zuen Patxi Iraola zalbiditarrarekin batera. Memoria onekoa da bertsolari hau, eta gogoan du Florentinok behin kantatu bertso ederra: «Zepai saria, lehenengo urtean, Goiburuk irabazi zuen. Orduan araudia aldatu egin zuten eta irabazleak ezin zuen hurrengo urteko sariketara aurkeztu. Bigarren urtean Eusebio Igartzabalek irabazi zuen, uste dut, eta hirugarrengoan ez dakit zeinek. 1974an nik eraman nuen txapela, eta oraindik ere gogoratzen naiz Goiburuk kantatutako bertso batez. Gaia zera zen: bertsolari bakoitzak aukeratu behar zuen bertsolari baten izena, eta haren gainean kantatu. Nik kantatu nuen aurrena, Uztapide gai hartuta. Goiburuk, berriz, Lasarte aukeratu zuen, haren oso zalea zen-eta. Bi bertso kantatu zituen, aurrenekoaz ez naiz asko akordatzen, bukaera bakarrik: / '. Eta gero beste bertso hau kantatu zuen: ''».
Zer esana eman zuen bertso horrek. Batzuek pototzat jo zuten, 'berriz' hitza hirutan agertzen delako, baina edonork daki hitz horrek adiera ezberdinak dituela, hiru gutxienez, eta Goiburuk ederki baliatu zuen aukera hori.
«Oso bertsolari fina zen, ona», epaitu du Patxi Iraolak. Batez ere Goierriko herrietan jardun zuen Goiburuk, eta herriko jaietan gehienbat. Adibidez, asko kantatutakoa zen jaioterrian, Idiazabalekin, eta Ordizia, Beasain, Amezketa eta Abaltzisketan. Lazkao Txikiren laguna zen eta harekin ere maiz aritu zen.