«Txapelak alde egingo balit ez nuke batere negarrik egingo»

Amets Arzallus, lehengo asteazkenean Villabonan, Txapelketa Nagusiaren aurkezpen soziala baino lehentxeago. / UNANUE

Txapelketa Nagusia abiatzear dela, Amets Arzallus, duela lau urteko txapelduna, «lasai» dago, «aski zentraturik»

FELIX IBARGUTXI

Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983) izan zen 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea. Larunbat honetan abiatuko da txapelketa berria, Baigorrin, eta Arzallusek finaleko saioan baino ez du kantatuko, Barakaldoko BECen abenduaren 17an. Ez du itxoinaldi motxa izango.

-Esadazu nola joan diren txapelaren osteko lau urteok.

–Ez dakit laburtzeko gai izango naizen. Hasieran poza eta eufori punttua izan zen, baina gero ardura pixka bat etorri zen. Txapelarekin ardura punttu erantsi bat sentitzen duzu, bai. Aitortzen dut hasieran liseriketa-tarte bat behar izan nuela. Txapelaren eraginez, ez dakit zuzena den edo ez, neure burua pixka bat gehiago kastigatzeko joera hartu nuen. Gero, handik urtebetera edo bi urtera, lasaixeago hartzen ikasi nuen. Ikasi nuen konfiantza hartzen, neure buruari horrenbesteko estualdiak eman gabe. Zer esango dizut: lau urteko elkarbizitzan gorabeherak eduki ditut txapelarekin. Eta lau urteren buruan nahiko adiskidetuta ailegatu naiz.

-Txapelaren ostean dei-gorakada nabaritu zenuen? Alegia, bertso-saio gehiagotan kantatzeko aukera izan duzu?

–Ez bereziki. Igual bestelako saio gehiago izan ditut, alegia, bertsoa bakarrik ez zegoen lekuetarako dei gehiago... Egia esan, azkeneko hamabi-hamahiru urteotan urtero saio-kopuru berdintsua izan dut. Kopuruz ez dut sentitu igoerarik, ez.

-Urtean zenbat saio izaten duzu?

–Ez naiz urte bukaeran kalkulagailuarekin ibiltzen, baina esango nuke ehundik zerbait gora izan ohi direla: 120, 135...

-Orain, finalaren atari honetan, saio jakin batzuk izango dituzu, urterokoak, alegia.

–Baditut urtero toki jakineko batzuk, baina horrelakoak gehiago izaten dituzte Xebastian eta Andoniren belaunaldikoek eta haiek baino urte gehiago dituztenek. Nik, sanmigeletan, ia-ia urtero, Zumaiako Artadin eta Iurretan kantatu izan dut, joan deneko hamar bat urtean.

-Eta Artadin Joanito Dorronsororekin elkartuko zara, pentsatzen dut. BECen txapela jantzi zizun gizonarekin.

–Baliteke, Joanito eta Zumaiako familiko edo hurbileko jendea bildu ohi da Artadin. Eguerdian txakolin dastaketa izaten da eta haren ostean bertsoa eta trikitia. Gero bertso bazkaria.

-Esadazu azken urteotan bihurri eta zaila gertatu zaizun gairen bat, ariketaren bat.

–Gai zehatzik ez datorkit burura, momentu zehatzik, baina gehien estutzen nauten gaiak horretaz aski hausnartu gabe harrapatzen nautenak dira. Azkenean, bertsoa inprobisatzen baitugu, baina iritzia, edo ikuspuntua, ez. Eta ikuspuntua egunero hariak estutu beharreko filtro bat da, bestela lasatzen joaten da, eta zure arrastoa galtzen du. Bai zure iritziak, bai zure bertsoak.

«Txapelaren eraginez, neure burua pixka bat gehiago kastigatzeko joera hartu nuen» Amets Arzallus

-Txapeldun zaitugularik, nabaritu al duzu gizartetik dei gehiago, hango eta hemengo ekimenetan parte har dezazun?

–Euskal Herriko historia hurbila badakigu nolakoa den eta badakigu nondik gatozen. Gertu sentitzen nituen kausen alde jardun izan naiz, batez ere nire inplikazioari zentzua ikusten nionean. Sinadura eskatzen bazidaten eman izan dut, nahiz eta atxikimenduen formula horrekin nire zalantzak izan, erabiltzearen erabiltzez hasieran izan zezakeen efektu kolpe hori galdu baitu azkenean, eta uste dut birplanteatu egin beharko litzatekeela, bestelako formulak bilatu. Hala ere, ez dut uste txapela irabazteak asko aldatu duenik nire orain arteko martxa, lehenago hurbiltzen zitzaizkidanak hurbildu zaizkit, eta hurbiltzen ez zitzaizkidanak ez.

-Ikasketaz kazetaria zara. Egin izan dituzu kazetari-lanak, baina azkenaldian arlo hori alboratuta daukazu, ezta?

–Nahiko alboratuta izan dut, bai. Tarteka-tarteka suertatu da eskaintza bat edo beste, eta baloratu izan dut. Iaz heldu egin nion erronka horietako bati: Zipreko gatazkari buruzko dokumentala egin genuen, bertsolariak eta hango inprobisatzaileen partaidetzarekin. Niregana etorri ziren eta baiezkoa eman nuen. Dokumentalak 'Mugaminak' zuen izenburu, eta Donostiako zinemaldian aurkeztu zuten. Dokumentazio-lana egitea ere tokatu zait, baina okasiozko lanak dira. Ez diot atea ixten kazetaritzari, nahiz orain baztertuxea eduki.

-Futbolean egiten al duzu? Hendaiako talde batean ari zara...

–Gure mailatxoan, lehiatzen segitu dut maiatzera arte. Eta oporren ostean, atzera azaldu naiz, baina entrenatzeko soilik. Momentuz, izerdia botatzeko soilik.

-Ez zara lehiaketan jokatzera aterako.

–Ez, ez. Entrenamenduetara joaten hasi naiz, baina ez dut fitxarik hartu. Zortez, 34 urteraino iritsi naiz minik hartu gabe, eta ez dut askoz gehiago arriskatu nahi, bertsotarako ere oinak funtsezkoak dira eta.

-Abenduko bertso-finala badator. Nola ikusten duzu zeure burua?

–Oraingoz nahiko lasai nago, eta nire bidean aski zentraturik. Plazan astebururo nire burua entzuten dut, eta baditut nire barne gatazkak, batzuetan bataila batzuk irabazten ditut, eta beste batzuetan galdu. Ez naiz txapelketara begira bakarrik ari, baina badakit hori ere badatorrela. Suertez azkeneko txapelketak aurtengoan pixka bat beranduxeago sartzeko zoria eman zidan, eta beraz distantzi pixka batera ikusten dut. Baina behin hasten denean, txapelketaren tentsioak denoi eragiten digu eta niri ere iritsiko zait. Eta bilatu ere, bilatuko dut pixka bat, ni ez bainaiz orain arte inoiz finalean zuzenean sartu, beti finalaurrekoetan nire burua pixka bat probatuta iritsi naiz, eta hotz-hotzean hasi behar horrek orain pixka bat kezkatzen nau. Beraz, momentuz, saiatuko naiz beste saioetara joaten, pausoa hartzen hasteko.

-Eta txapelketako saioetara joateaz aparte, beharbada prestaketa bereziren bat izango duzu pentsatua.

–Ez naiz hasi, baina hasi beharko dut beste bertsolari batzuekin biltzen, bai. Beste urte batzuetan Jon Maiarekin bildu izan naiz sarri Zumaian, han Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin ere elkartu izan gara, eta gaiak jartzeko laguntzailez inguratuta talde polita osatu izan dugu. Lehenago Sustrairekin [Colina] ere biltzen nintzen. Orain arreba Maddalen ere hor dabil. Ikusiko dut aurten nola egin.

-Unai Iturriagak uko egin dio txapelketan parte hartzeari. Aspaldi esan zuen, eta esandakoari eutsi egin dio.

–Orain dela lau urte esan zuen. Nik tentatu izan dut azken urteotan, baina berak argi zeukan. Euskal Herriko sei final jokatu izan ditu 1993az geroztik, eta ulertzen dut burua eta gorputza nekatu egiten direla. Hala ere, nahiz eta ulertu pena punttu bat ematen dit, Unaik zerbait berezia aportatzen baitu, beste inork ordezka ezin dezakeen bertsokera bat. Beste lagun batzuek emango diote txapelketari beren kolorea, baina Unairen kolorea faltako zaigu.

-Txapela zeure burura etorriko ez balitz nahigabe handirik ez, ala?

–Ez, ez nuke nahigabe handirik izango. Beste gauza bat litzateke finalean saio kaxkarra egingo banu, txapelketan sartu gabeko sentsazioarekin joango banintz. Espero dut nire bertsokera aurkitzea, nire nortasuna erakustea, eta horrekin bat finaleko tentsio berezi horrek sortzen duen olatu onen bat edo harrapatzea. Txapelarekin gertatzen dena gertatzen dela, ez dit horrek nahigaberik emango. Alde egingo balit ez nuke batere negarrik egingo.

-Olatua aipatu duzularik, estropaden zale al zara?

–Ama zumaiarra dut eta haren aldeko familia guztia Zumaiakoa. Horregatik txiki-txikitatik aski hurbil sentitu izan dut traineru mundua eta horien artean kolore gorria. Nahiz orain mutilak bigarren mailan egon, eta nesken trainerua momentuz desagertu, gu beti Telmo Deuni bultzaka ibili izan gara.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos