Gaztelumendi anaiak 'Aulki-jokoa' saioan

Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiak, 2007 urteko argazkian./JOSE MARI LÓPEZ
Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiak, 2007 urteko argazkian. / JOSE MARI LÓPEZ

Añorgarrekin batera, Maite Berriozabal gai-jartzailea, Igor Elortza eta Jexux Mari Irazu izango dira astelehen honetako gonbidatuak

Eduki eta protagonista askorekin dator 'Aulki-jokoa' saioaren bigarren atala. Aste honetako gonbidatuak izango dira Maite Berriozabal gai-jartzaile eta aurkezlea, eta Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Unai Gaztelumendi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak. Astero moduan, Juantxo Zeberio musikaria eta Andoni Egaña bertsolaria ere izango dituzte. Horiek denak izango ditu bidelagun Edurne Azkarate aurkezleak 'Aulki-jokoa' saioan, astelehenean, gaueko 22:30ean ETB1en.

Astez aste, Txapelketa Nagusiaren bueltan lan egiten duten hainbat lagun ezagutuko ditugu Bertsoaren Andamioak atalean, eta oraingoan Maite Berriozabal gai-jartzaile eta aurkezlearen begietatik ikusiko dugu txapelketa. Igor Elortzak 2001ean plazaratutako 'Gure lurrean hedatua da' doinua landuko dute Juantxo Zeberiorekin. Abeslari ezagun baten abestia moldatu zuen durangarrak bertsotarako doinu hau sortzeko. Eta atzerago joanda, 1997ko Txapelketan Jexux Mari Irazuk gerrako zauriei abestutako bertsoak ekarriko dituzte gogora, eta berak kontatuko du bertso haien sortze-prozesua.

Unai Gaztelumendi eta Beñat Gaztelumendi anaiak dira, eta txikitatik ibili dira bertsoaren bueltan. Harreman horiei buruz hitz egingo dute, bien artekoaz eta bertsolaritzarekin dutenaz. Eta nola ez, Andoni Egañak emango du Irun eta Maule-Lextarreko saioetan gertatu denaren berri.

'Aulki-jokoa' saioa astelehenean, gaueko 22:30ean, ETB1en eta nahi denean EiTB Nahieran atarian.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos