Nola lantzen den kantaera, zerk eragiten dion sormenari

Iaz, 'Europa bat-batean' izan zen protagonista Udako Ikastaroetan. / FRAILE

Unibertsitatera daramate bertsoa laugarren urtez Mintzolak eta UPV/EHUk, ostegunean eta ostiralean egingo den ikastaro baten bidez

‘Bertsolarien kantaera eta sormena’. Horixe da laugarren urtez segidan Mintzola Ahozko Laborategiak eta UPV/EHUren Udako Ikastaroen baitan ostegunean eta ostiralean, abuztuak 24 eta 25, egingo den ikastaroaren izenburua. Kontuan izanik hainbat ikerlari ari direla bertsolaritza eta ahozkotasuna ikuspegi ezberdinetatik aztertzen, lankidetza hitzarmena sinatu zuten bi erakundeek ikerlan horien emaitzak gizarteratzeko, etorkizunera begira, beste batzuek abiatzeko 'hari muturrak emateko.

Bost urterako sinatu zen akordioa heldu da laugarrenera. Aurreko edizioetan landu dira, besteak beste, bertsolaritza eta hezkuntzaren, beste sorbideen eta gizartearen arteko harremanak; ikuspegi askotatik begiratu zaie bertsolaritzaren erronkei; beste herrialde batzuetako kantu inprobisatua aztertu da…

Aurten, berriz, kantaera eta sormena landuko dira oraindik izena eman daitekeen ikastaroan. Kantaera bertsoaren garrantzizko osagaia da, eta eragin handia du komunikazioan, nahiz eta bertso eskoletan oro har ez den propio lantzen. Lehen egunean, hilaren 24an, bertsolarien kantaeraz ariko dira Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio, eta bigarren egunean bertsolarien sormena izango da ardatz, Eñaut Agirre, Oihana Iguaran eta Jon Martin gidari direla. Hizlari horietako hiru, Agirre, Aizpurua eta Iguaran bertsolaritzaren inguruko doktore-tesiak gauzatzen ari dira, UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzei, Mikel Laboa Katedrari eta Mintzola Ahozko Lantegiari esker.

Ostegunean, Ainhoa Aizpuruak egungo hainbat goi mailako bertsolariren kantaeren ezaugarriak emango ditu. Itziar Navarrok kantaera denboran zehar nola aldatu den esplikatuko du, eta Maialen Lujanbiok berriz, bera bezalako bertsolari batek doinua eta kantaera nola landu eta garatu dituen kontatuko du.

Ikastaroaren bigarren gaia, ostiralean landuko dena, bertsolarien sormena da. Ahozkotasunak bertsolarien sormenean duen isla azalduko du Eñaut Agirrek; hedabideen gaitegiaren eragina gai-jartzaile eta bertsolarien sormenean zenbatekoa den adieraziko du Oihana Iguaranek; eta azkenik, bertsolarien bizipenak bertsolaria bertsoa kantatzen hastear den une zehatz horretan nolakoa den esplikatuko du Jon Martinek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos