43 lagunek hartuko dute parte Bertsolari Txapelketa Nagusian, hilaren 23tik aurrera

Murua, Elorriaga, Rekondo, Murua, Castaños, Jauregi eta Ibaibarriaga, aurkezpenean/XDZ
Murua, Elorriaga, Rekondo, Murua, Castaños, Jauregi eta Ibaibarriaga, aurkezpenean / XDZ

Lehen aldiz aldi berean izango da txapelketa euskararen zazpi lurraldeetan. "Errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan", adierazi du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Iñaki Muruak

DVDonostia

Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldo izango ditu helmuga Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Uda aurretik iragarri moduan, irailaren 23an abiatuko da eta abenduaren 17an amaituko.

Hala, lehen aldiz aldi berean izango da txapelketa euskararen zazpi lurraldeetan: "Modu batera edo bestera bertsolaritza presente dago guztietan eta horren isla da aurtengo Txapelketa Nagusia", azaldu du Jokin Castaños Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kideak gaur goizean egindako agerraldian. Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkartekoak, gaineratu du "errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan".

Gaur Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan egin du Bertsozale Elkarteak txapelketa aurkezteko prentsaurrekoa. Bertan parte hartu dute, Jokin Castaños eta Iñaki Muruaz gainera, lurraldeetako bertsozale elkarteetako lehendakariek: Alaitz Rekondo, Asier Ibaibarriaga, Ekaitz Elorriaga, Saroi Jauregi eta Xumai Murua, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bertsularien Lagunak – Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoa- elkarteetako lehendakariek, hurrenez hurren.

Hain zuzen, Alaitz Rekondok agerraldiaren hasieran gogorarazi du "bere ikusgarritasunean Txapelketa Nagusia ez da lau urtetik behin egiten den ekimen isolatu bat, urte luzez eta egunez egun Euskal Herriko herrialde guzietan bertsolaritza bultzatzen ari garen hainbat eragileren lanaren ondorioa da". Hala, hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzeko abian den egitasmoa, bertso eskolak, ikerkuntza proiektuak, Xenpelar Dokumentazio Zentroa zein bertsolaritzaren hedapenerako bideak mahai gaineratu ditu Rekondok.

43 bertsolari, 18 gai jartzaile eta 20 epaile

Jokin Castañosek eman ditu txapelketaren inguruko xehetasunak: "Unai Iturriagak ez du izena eman eta finalista denez ez du ordezkorik izango eta Iñaki Gurrutxagak uko egin dio parte hartzeko aukerari eta Felix Zubiak abestuko du bere ordez". Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak: "finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariak pasako dira finalera". Finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus egungo txapelduna izango dira Barakaldoko finalean.

Saioak arratsaldeko bostetan hasiko dira, finala izan ezik, baina saioa izango den herrietan bestelako ekitaldiak antolatu dira herria bera bertsolaritzaz girotzeko; besteak beste, Segurako final laurdenarekin batera egingo da Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna irailaren 30ean.

Sarrerak jada salgai

www.bertsosarrerak.eus atarian salgai dira sarrerak. Final laurdenetako sarrerak denontzat daude jada eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak bazkideentzat daude soilik urriaren 2ra arte. Bestalde, bazkideek lortu ahal izango dute bakarrik abonamendua. Era berean, salmenta guneak ere izango dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko.

Txapelketari buruzko ataria prest dago www.bertsozale.eus webgunean; ohiko informazio praktikoaz gain, bertsogintzaren inguruko hausnarketak bilduko dira alor ezberdineko adituen eskutik: Harkaitz Cano idazlea, Uxue Alberdi bertsolaria edo Mateu Xuri glosadorea dira horietako batzuk.

Bestalde, jarraipen zabala egingo zaio www.bertsoa.eus-en ere eta Bertsozale Elkarteak ekoitzi eta ETB1en eskaintzen den Hitzetik Hortzera telebista saioak txapelketarekin ekingo dio irailaren 24an ikasturte berriari; horri gehitu behar zaio kate berean astelehenetan eskainiko den Aulki Jokoa telebista programa.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos