«Beterano asko daude Txapelketan, baina berrikuntzak ere izan dira»

«Beterano asko daude Txapelketan, baina berrikuntzak ere izan dira»

Aktore lana dela eta, Oion eta Polonia artean bizi izan da Edurne Azkarate. Orain, astelehenero, Txapelketa Nagusiaren inguruko saioa aurkezten ari da ETBn

AMALIA IBARGUTXI

Bertsolaritzaren aurpegi serioagoa albo batera utzi eta euskarazko ahozkotasunaren estrofen artean mugitzen da 'Aulki-jokoa' telebista-saio berria. Edurne Azkarate (Oion, Araba, 1993) ari da bertako aurkezle, Andoni Egaña bertsolari beteranoaren konpainian, astelehenero, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera heldu bitartean, ETB 1en. Puntu, doinu, errima eta neurriez haratago, «bertsozale eta bertsolariekin arituko gara, baina baita kultur alorreko jendearekin ere. Formatu berria da saio honetakoa, edozeinek gozatu dezakeena, oso arina baita».

-Bertsozalea zara, baina ofizioz aktorea. Nola sortu zitzaizun lan aukera hau?

– Uda aurretik hasi nintzen lanean proiektuko kudeatzaileekin. Publizitate edo aktore lanengatik ezagutzen ninduten. Nik uste, hain justu, kazetaria baino, aktorea zen norbait nahi zutela saioa gidatzeko. Hau ez da 'Hitzetik hortzera' izango.

- Ikusleak kokatzeko, kontestuan jarri behar ditugu. Lehen saioan –lehengo astelehenean– adibidez, Jon Agirresarobe 'Torrotxo'-rekin ibili zinen bertso saio baterako frontoia prestatzen; Andoni Egañarekin bertsolaritzaren egungo nondik-norakoei heldu zenien; eta Euzkitzek semearekin bertsotan egin zuen autoan, besteak beste.

–Gehiegi aurreratu gabe, esan dezaket aurpegi ezagun asko izango direla saioan. Txapelketak aurrera egin ahala ari gara grabazioak egiten, eta nik uste horrek leku aproposetara momentu egokian eramango gaituela. Ia-ia beste ikusle arrunt bat naiz ni, eta horregatik, bilatutako inprobisazio puntu bat ere badago beti.

–Zer inpresio eragin dizu, orain arte, txapelketak?

–Beterano asko daude, baina nik uste berrikuntzak ere izan direla. Ez dakit norekin hizketan nengoela, esan zidan emakumeen txapelketa izango dela. Eta egia da andre asko iritsi dela finaleko fasera. Bestalde, Andonirekin hizketan, komentatu zidan gutxi gora behera zazpi aulki beteko direla aurpegi ezagunekin eta zortzigarrenean sorpresa bat eseriko dela, aurpegi berri bat. Ea nor den!

–Zu zeu ere bertsotan ibilitakoa zara, ezta?

–Bai, hala da. Txikitan bertso-udalekuetan hasi nintzen, ondoren Arabako gazteen txapelketan ere hartu nuen parte. Baina egia esan, gustukoen udalekuak ditut. Oraindik ere begirale moduan ibiltzen naiz horrelakoetan. Hasi nintzenetik utzi ez dudan gauza gutxitarikoa da... Oso giro polita sortzen da, leku desberdinetako jendea ezagutzeko aukera aparta da eta bertsoen alde sozial hori agerian geratzen da. Afari batean, parrandan, edo bertso-saio batean bertan, eskualde guztietako pertsonekin konektatzea ahalbidetzen dizu.

–Zein izan da bertsolaritzak Araban izan duen bilakaera azken urteotan?

–Beste eskualdeetako egoera ez dut hain ondo ezagutzen, baina Araban hizkuntza egoera dela eta, militantzia puntu bat izan ohi du bertsolaritzak. Zaletasuna daukanak mantendu egiten du, bai txapelketetara iristeko, bai giroa gustatzen zaiolako. Hala ere, bertso-udalekuetara doazen haurrak gero eta gehiago direla ere iruditzen zait. Adibidez, Oionen, duela urtebete edo hasi ziren txikiagoentzat bertso eskolak ematen eta aurten bat-bateko bertso-eskola zabalduko dute DBHko ikasleentzat. Izena eman duten guztiak emakumeak dira.

–Eta hori, zuk uste, zergatik gertatu da?

–Orain dela hamabost urte edo, emakumezko bertsolariak biltzen hasi egin ziren kezka edo aholkuak partekatzeko. Ohitura sortu zuten, sare bat, urte gutxi iraun zuena. Duela bost edo, berreskuratu egin zuten tradizioa, hamarkada baten ostean. Joan naizenetan, entzun izan dut txapelketetan jarraitu ez izanaren damua. "Jarraitu izan banu, non egongo nintzake gaur?", "zergatik ematen digu hainbeste beldur lehiak, plazetan ibiltzen bagara?" edo "zergatik kostatzen zaigu hainbeste ikusleari aurre egitea?". Esan behar dut, egoera orokorra bada ere, batez ere izaera jenerazionala duen borroka bat dela nire ustez. Gazteenek distantziarekin begiratu diete konflikto hauei, zaharragoek borrokatu egin dituzten bitartean. Lanketa bat egon da hor, urteetan zehar.

–Beste lan-kontuetara bueltatuta, non ikusi zaitzake ikusleak aktore lanetan?

–Euskal Herrian serie eta publizitateren batzuetan egin dut lan. Hatortxu Rock jaialdiko iazko bideo-promozioan eta 'Txoministak' web-seriean, adibidez.

–Azken hau Argiako webgunean eta Youtuben dago ikusgai.

–Hiru Damatxo faktoriako mutilek euskarazko fikzioan gabezia bat zegoela ikusita sortu zuten, gazteei bideratuta. Ni Karmele nintzen bertan, eta lagun batzuek alderdi politiko berri bat sortu genuen Errioxa birkonkistatu eta Euskal Herriko zortzigarren probintzia izendatzeko.

–'Aulki-jokoan' lan egiteko aukera hor sortu zen?

–Guztiz. Orain arteko nire erakusleiho nagusia izan da hemen.

–Eta Euskal Herritik kanpo, lanik egin duzu?

–Polonian batez ere, Tr Warszawa antzerki konpainian. Proiektu bereziak egiten dituzte, interesgarriak. Gainera, produzitutako lan guztiak 'artxibo' moduko batera doaz, eta ondoren, periodikoki eramaten dira oholtza gainera berriz ere. Urtebete daramat jada handik hona eta hemendik hara.

–Lan baldintzak hobeak dira han?

–Orokorrean bai. Lan gehiago dago eta baldintza hobeak daude. Ofizio bat da, aktore izatetik era egonkorrean bizi daiteke.

–Antzerkigintzan ikusten duzu zeure burua?

–Orain arteko esperientzia gehiena antzerkigintzatik atera dut, egia da, eta gustatu zait. Zinema ere oso gustuko dut eta, nik uste posible dela teknika aldetik behintzat, salto hori egitea. Telebista da interes gutxien eragiten zidana, eta begira...

–Bereziki gustuko bertsolariren bat baduzu? Aktore edo idazleren bat...

–Esan didate Ramon Bareak espazio bat duela Bilbon, Pabellón Número 6. Oso interesgarria omen da.

–Duela hamar urte esan balizute telebista saio bateko aurkezle izango zinela, zer pentsatuko zenuke?

–Ez nuke sinetsiko... Bertsoen inguruan hitz egiteak ez dit bertigorik ematen, baina telebistan agertzea ez nuen espero. Ikusiko dugu nola konpontzen naizen astelehen gauetan lotsarik ez pasatzeko.

–Etorkizunerako planik baduzu?

–Sekretua da, baina proposamen interesgarri bat jaso dut euskal dokumental ezagun baten adaptazio dibertigarri eta itinerantea egiteko. Pista modura esango dizut: furgoneta bat, bidai lagunak, tradizioak eta umore asko. Bestalde, momentuak hona ekarri nau, baina euskal zinema urrutira ari da iristen eta horren parte izan nahi nuke. Ekarpena egin nahi nuke. Master bat ere ari naiz egiten zuzendari lanetan zentratzen dena. Nire ametsik handiena lanetik bizi ahal izatea da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos