Diario Vasco

Hondartza usainez hasi da Bertso derbia

fotogalería

Maia eta Egaña kantuan. Atzean, Elortza, Illaro eta Maddalen eta Amets Arzallus. / SARA SANTOS

  • Reala eta Atleticen arteko partida baino pixka bat lehenago izango du segida, igande honetan, Anoetako 8. atearen ondoan

Bertso derbia izan zen ostiral iluntzean Antzoki Zaharrean, igandeko Real Sociedad-Athletic futbol partidari begira. Nobedade nabarmen bat izan zuen: Mikel Labaka, Realaren hirugarren entrenatzailea, jardun zen aurkezle-lanetan. Beti papera irakurriz egin zuen lana, baina txukun. Igande honetan, 11etan, derbiaren bigarren partea etorriko da, hau laburragoa -hogei minutukoa- eta Anoetako futbol-zelaiaren ondoan, 8 zenbakia daraman atearen ondoan.

Realaren alde bertsolari hauek jardun ziren: Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus. Athleticen alde, berriz, Igor Elortza, Arrate Illaro eta Jon Maia. Egañaren kasua oso deigarria da: hau zortzigarren aldia izan baitu parte hartzen duena bertsolari moduan, eta faltatu zen aldi hartan aurkezle gisa aritu zen. Beraz, beti izan du nolabaiteko partaidetza.

Jon Maia, Urretxun jaio eta ia bizi guztia Zumaian eman badu ere, athleticzalea da eta hau laugarren derbia izan du.

Derbia hasi eta, handik laster, lan hau jarri zien Labakak Amets Arzallus eta Arrate Illarori: «Biak futbolariak zarete, eta euskaldunak. Gaur kazetari bat etorri zaizue galderak egitera, hedabide publiko batekoa, eta eskatu dizue erantzunak euskaraz eta gaztelaniaz ematea». Biak ala biak EiTBkotzat hartu zuten delako kazetaria, eta Arzallusek hau esan zuen: «Zer zentzu dauka euskaldun batek ni erdaraz entzun nazan?». Eta geroxeago: Honetan behintzat, hasi gaitezen Bartzelona imitatzen».

Beste pasarte batean, Andoni Egañak eta Jon Maiak beren aspaldiko hondartza-futboleko pasadizoak berritu behar izan zituzten, Labakak gonbidatuta. Ironiatsu jokatu zuten. Egañak kontatu zuen nola 6-7 urte zituela ikastolaren eta Antonianoen ikastetxearen arteko partidak izaten ziren hondar-tzan; «jaunarte egunez baino hobeto akordatzen nintzen horrekin», gaineratu zuen. Gero ere denbora luzean jarraitu zuen zarauztarrak hondartzan jokatzen. «Saio asko egin izan dut kopeta hondarrez beteta», aitortu zuen gero.

Eta Maiaren txikitako oroitzapena: «Ondo hitz egiten nuelako, beti nintzen ni kapitaina».

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate