Proiektuari dagokionez, Jocanok duen «katalizatzaile energia» azpimarratu du. «Gaur egun ez dira askotan ikusten pasioak eragindako proiektuak -dio- gauzak plastikozkoak dira, helburu jakin batekin eginak, eta hau ez da horrelako esperientzia izan, pasio handiz egindako lana baizik». Jocano, alegia, bere pasioa gainerakoei kutsatzeko gai izan omen da.
Horrez gain, badu esperientzia honek Mikel Markezek bereziki estimatzen duen beste alderdi bat: «Euskal Herrian oso elkargune gutxi ditugu espainolez eta euskaraz abesten dugun kantariok. Denda berdinetan erosten ditugu gitarrarako sokak eta horietantxe gurutzatzen gara, baina ez dugu bestelako harremanik, eta nik uste dut oso interesgarriak direla honelako esperientziak alderdi horretatik. Nahiz eta berak gaztelaniaz abestu zerbait buruan duenean guztiokin jartzen da harremanetan Jocano, hesi hori hausten saiatzen da. Uste dut honelako elkargune gehiago behar ditugula alor guztietan, osasungarria eta interesgarria izango litzateke. Eta lortuko bagenu Iparraldekoren bat biltzea...».





