Pottokak gertutik ezagutzeko proposamena luzatu du Arantzazu Parketxeak hilaren 14rako
Pottokaleku Pottokaren Interpretazio Zentroarekin elkarlanean antolaturiko jardueran, zaldiak orraztu, laztandu, jaten eman edota berauek gidatzeko aukera izango da
A. Urbieta
Donostia
Domingo, 7 de septiembre 2025, 19:34
Arantzazu Parketxeak eta Oñatiko Pottokaleku Pottokaren Interpretazio Zentroak euskal zaldi hauek herritarrei ezagutarazi eta hurbilarazteko nahiz ingurunearen ezagutza eta animaliekiko errespetua sustatzeko xedez jarduera berezia antolatu dute datorren iganderako, irailaren 14rako.
Publicidad
Goizeko 11:00tan hasiko da jarduera Pottokalekun (Arantzazu), Aizkorri-Aratz natura-parkearen bihotzean, alegia. Saioaren lehen zatian pottoken inguruko azalpen dinamiko bat emango da haien historia zein bitxikeriak ezagutzeko eta izaki horiek protagonista dituen euskal kondaira batekin emango zaio segida.
«Paleolito garaitik gaurdaino euskal lurraldea habitatu duen zaldirik zaharrenak ditugu pottokak. Mamuten garaiko zaldiak deritze eta orain gutxira arte ia galzorian ere egon den arraza horrek gure herriarekin izandako elkarbizitza luzearen ondoren uste baino aztarna gehiago utzi dizkigu gure kulturan, egunerokoan, ohituretan etab.», nabarmendu dute Pottokalekuko arduradunek.
Aurrez izena eman behar da
Igandean bertara hurbiltzen direnek, zentro honetan bizi diren pottokak ezagutzeko aukera izango dute, hauekin kontaktua egin eta pottokak orraztu, laztandu, jaten eman, uhalak jarri edota berauek gidatzeaz gainera, etxeko txikiek gainean ibiltzeko aukerarekin borobilduko dute goiza. «Uda goiz bat familia eta lagunartean igarotzeko plan ederra», proposatzen dute.
Guztira bi ordu inguruko jarduera izango da, eta parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, lekuak mugatuak baitira. Hauxek dira bideak: 943 782 894 / 699 335 183; arantzazu@gipuzkoanatura.eus; www.gipuzkoanatura.eus. 17 euroko prezioa izango du (13 euro 3-12 urtekoentzat). Oinetako aproposak eramatea gomendatzen dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión