Ondarearen Jardunaldietarako proposamenak aurkezteko epea apirilaren 15ean zabalduko da
Apirilaren 5ean bilera irekia antolatu da ekimena zehatz azaltzeko Santa Teresa komentuan
I. Altuna
Donostia
Larunbata, 30 martxoa 2024, 16:58
Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien bederatzigarren edizioaren ardatz nagusia ibilbideen, sareen eta konexioen ondarea izango da. 'Kulturaren Bideak. Donde conecta la cultura' goiburupean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak proposamenak aurkeztera gonbidatzen ditu herritarrak, ondarea eraiki izan duten eta eraikitzen duten truke, sare eta konexioei lotutako ekitaldiak antolatzeko.
Jarduerak urrian hasi eta formatu desberdinetakoak izango dira: ginkanak, bisitak normalean sartu ezin diren lekuetara, bisitak azalpenekin, solasaldiak, kontzertuak, erakusketak, tailerrak eta abar; izan ere, proiektu honetan ondarea zabaltzeko erabiltzen diren formatuak askotarikoak izaten dira. Kultura-ekitaldi hauek erakutsiko dute trukeek nola eraiki duten kultura-ondarea eta nola jarraitzen duten gaur egun ere eraikitzen.
Programan parte hartuko duten jarduerak Gipuzkoa Kultura webgunearen bidez proposatu ahal izango dira apirilaren 15tik ekainaren 1era bitartean. Proposamenak edonork egin ditzake, entitateek, taldeek, enpresek edo norbanakoek, betiere horien xedea bada ondarea ezagutarazteko eta jaso dugun herentzia hori eta gure nortasuna osatu duen hori deskubritzera eta gozatzera gonbidatzeko jarduera bat antolatzea.
Gainera, datorren apirilaren 5ean, ostirala, 10:00etan, bilera ireki bat egingo da Santa Teresa komentuan jardunaldietan parte hartu nahi duten guztientzat, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da. Informazio bileran, ekimena zehatz-mehatz azalduko da, ondarearen jai horrekin bat egiteko jarraibideak eta ideiak emango dira, eta sortzen diren zalantza guztiei erantzungo zaie. Interesdunek Gipuzkoa Kultura webgunearen bidez eman dezakete izena, edo posta elektroniko bat bidali dezakete gipuzkoa.oej@gipuzkoa.eus helbidera.
Iaz 107 ekitaldi antolatu ziren Ondarearen Jardunaldietan Gipuzkoako 33 udalerritan. Orduan 70 eragile batu ziren proiektura eta 3.600 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte. 2016an sortu zenetik, 22.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Gipuzkoa osoan antolatu diren 500 ekitalditan baino gehiagotan.