Netflix Euskaraz ekimenak amaitutzat ematen du bere lau urtetako ibilbidea
Eusko Jaurlaritzari leporatu diote ez duela eragin nahi izan streaming plataforma nagusietan
I. A.
Donostia
Martes, 15 de julio 2025, 12:11
Euskararen presentzia streaming plataformetan aldarritzeko helburuarekin jarri zen abian Netflix Euskaraz ekimena 2021eko otsailaren 16an. Laur urte t´erdiko jardunaren ondoren, ekimenak amaitutzat eman du bere ibilbidea, eskerrak emanez denbora honetan babesa adierazi dieten norbanako eta eragileei, baina Eusko Jaurlaritzari eta EITBri kritika eginez, gobernuak «streaming plataforma nagusietan eragin nahi izan ez duelako», adierazi dute prentsa ohar batetan.
Publicidad
Netflix Euskarazeko kideen ustez «urte guzti hauetan, herri aktibazioan eta kontzientziazioan asko egin dugu aurrera». Ez, ordea, euskal erakundeen politika publikoetan, Eusko Jaurlaritzak ez duelako «gaiari heltzeko inolako borondaterik adierazi», beraien ustez. «Ez du pausorik txikiena egin Netflix, Prime Video edo Disney Plus bezalako streaming plataforma nagusietan euskarazko eskaintza duina bermatzeko». Eta gogoratu dute estatu espainiarreko Ikus-entzunezko Komunikazioaren lege orokorraren arabera «ikus-entzunezko lan bat diru publikoz berezko hizkuntzan bikoiztuta badago, tokian tokiko erakunde publiko autonomikoa dela bikoiztutako bertsio hori streaming plataformetara bidaltzearen eta gaiari jarraipena egitearen arduraduna».
Publikoaren eta pribatuaren arteko eztabaidatik haratago dagoen arazoa dela diote, eta horregatik «erakundeek eremu publikoan zein pribatuan euskararen eta euskarazko lanen presentzia bermatzearen alde» egin behar dutela. Izan ere, ekimeneko kideek argi dute: «euskara normalizatuko bada, esparru publikoan zein pribatuan eragiten asmatu dugulako izango da».
EITBri kritikak
Ekimeneko bideek EITBk bere burua streaming-aren panoraman kokatu duela gogoratu dute, «eta ondo, egin beharrekoa zen», gaineratu dute. «Ongi etorria Primeran eta Makusi plataformei. Orain EITBk, aurrekontu oparoak bideratuta eta kalitatezko eskaintza erakargarria osatuta, frogatu beharko du abangoardia dela euskararen biziberritzean. Berari eta ez beste inori baitagokio jendarteari, eta, bereziki, gizarteko geruza zaurgarrienei, telebista konbentzionalean zein eskari bidezkoan, euskararako sarbide unibertsal eta doakoa bermatzea».
Hemen, plataforma hauek hartzen duten norabidea «arretaz» jarraituko dutela adierazi dute, izan ere «EITBren komunikazio-proiektua osotasunean aztertuta, ez dugu aldaketarako eta baikortasunerako zantzurik ikusten: erdara lege da EITBn». Horregatik uste dute «euskarak, normalizaziorako eta hedapenerako, urrezko aukera galdu duela, Eusko Jaurlaritzak streaming plataforma nagusietan eragin nahi izan ez duelako». Hare gehiago, «ematen du Jaurlaritzako eta EITBko buruek EITB izatea nahi dutela euskarazko zerbitzua ematen duen operadore bakarra».
Publicidad
Netflix Euskarazeko kideek horrekin «hautsi» beharra dagoela aldarrikatu dute. «Euskarak, ikus-entzunezkoetan, EITBren monopolio izateari uzten dion egunean jauzi erraldoi bat emango dugulako euskararen normalizaziorantz aurrera». Horregatik deritzote «hain pozgarria» Netflix, Prime Video edo RTVE konpainien ahotik entzutea euskarazko edukiak eskaintzen hasiko direla.
Azkenik, euskara eta euskarazko kulturaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berrestsi dute Netflix Euskarazeko kideek eta dei egiten diete herritarrei, «aktibatu eta mobilizatu daitezen: euskara eta euskarazko kultura larrialdi egoeran daude eta herri aktibazioak soilik aterako ditu ataka horretatik».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión