Nazioarteko unibertsitateetatik barnetegira euskara ikastera
Munduko unibertsitateetan euskara klaseak jasotzen dituzten 20 ikaslek astelehenean hasiko dituzte aurrez aurrezko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian
I. A.
Donostia
Sábado, 2 de agosto 2025, 17:56
Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, munduko 35 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturako klaseak. 2024. urtean 1.300 ikasletik gora zeuden matrikulatuta euskal ikasketekin loturiko eskoletan, eta horietatik 27 ikaslek aurrez aurrezko ikastaro trinkoa egingo dute uda honetan Zornotzan Aurten Bai barnetegian, beraien euskara maila hobetzeko.
Publicidad
Bada, Etxepare Institututik jakinarazi dutenez, barnetegiko egonaldiak bi txandatan egingo dira. Lehenengoa uztailan burutu zen, 14tik 25era, eta zazpi ikaslek hartu zuten parte, hiru Poloniatik etorritakoak eta besteak Bartzelonako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Uruguaikoak. Bigarrena astelehenetik, abuztuaren 4tik, 15era egingo da eta nazioarteko 20 ikasle hartuko ditu: Poloniatik sei ikasle, Universitat de Barcelona-tik lau, Uruguaitik hiru, Italia, Erresuma Batua eta AEBetik bina eta Frantziatik bat. Euren euskara mailaren arabera kokatuko dituzte ikasgeletan, barnetegian dauden beste ikasle batzuekin batera, A1 eta B2 maila artean.
Egonaldietarako bekak
Atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza, ikusgarritasuna eta hedapena helburu, Etxepare Euskal Institutuaren eta Aurten Bai Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, institutuaren nazioarteko unibertsitate sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian euskara ikasteko egonaldia egiteko aukera dute.
Etxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskara ikasteko egonaldiak egiteko bekak, eta helburua da euskalduntzearen maila bat aurreratzea. Etxeparek eta Aurten Bai Fundazioak erdibana ordaintzen dute ikastaroaren, ostatuaren eta otorduen kostua, eta ikasle hautatuek asegurua eta bidaia ordaintzen dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión