Miriam Montano de Juanek eta Telmo Sánchez Ugaldek lortu dute Galbahe Beka
Ikerketa-proiektu honek erleen eta euskal landa-bizimodu tradizionalen arteko harreman historiko-kultural konplexua aztertuko duen erakusketa-instalazio eskultoriko eta etnografikoa garatuko du
I. Altuna
Donostia
Viernes, 30 de mayo 2025, 12:08
Miriam Montano de Juani eta Telmo Sánchez Ugaldek aurkeztutako proiektuak lortu du Galbahe beka, etnografia ondarea ikertzea eta zabaltzea helburu duen dirulagantza. Igartubeiti Baserri Museoak eta San Telmo Museoak, lankidetzan, Gordailuaren (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) aholkularitzarekin sustatu dute beka hau, eta lehen edizio honetan epaimahaiak aho batez erabaki du esleipena. Ikerketa lana sei hilabetetan egingo dute, ekaina eta azaroa bitartean.
Publicidad
Aukeratutako ikerketa-proiektuak erleen eta euskal landa-bizimodu tradizionalen arteko harreman historiko-kultural konplexua aztertuko duen erakusketa-instalazio eskultoriko eta etnografiko bat garatzea proposatzen du. Hala, bi ikerlarien proposamena premisa partekatu batetik abiatzen da. Beraien esanetan, «erleak baliabide-iturri izateaz gain — eztia, argizaria, polinizazioa —, solaskide sinboliko ere izan dira, baserriko bizitzaren zati aktibotzat jotzen zituen kultura-egitura baten barruan. Ikuspegi horretatik, proiektua bat dator Donna Harawayren pentsamenduarekin, bereziki 'ahaideak egiteko' (making kin) proposamenarekin, gizakiaz harago, erleengan aliatu ekologikoak ez ezik, lagun afektiboak, memoria-eramaileak eta beste mundu-forma batzuk eraikitzeko subjektuak ere aitortuz». Sinbolikoaren eta biologikoaren, erritualaren eta sentsorialaren arteko sinkronia da proiektu honen muinetako bat.
Telmo Sánchezek garatutako ikerketa-ildoa erlezaintza tradizionalarekiko erlezaintza sinbiotiko horri lotutako objektuetan oinarrituko da. Bere asmoa elementu material eta sinboliko horiek berriz konfiguratzea da, esanahi berriak emateko. Miriam Montanoren kasuan, erleei zuzendutako hitzera bideratuko du bere lana: pertsona maite bat hiltzen zenean xuxurlatzen ziren antzinako formuletara. Bere hurbilketa metodologia etnografiko esperimental batetik abiatzen da, ez dokumentaziora mugatzen dena, baizik eta entzuteko, bilketa afektiboko eta aktibazio poetikoko praktika gisa hedatzen dena.
Erakusketaz gain, zianotipia, idazketa kolektibo eta entzuketa tailerra eta kartografia bisual eta poetikoa biltzen duen argitalpena ere hartuko ditu proiektuak.
Galbahe bekak euskal ondare etnografikoa berrinterpretatzea du helburu, Igartubeiti Baserri Museoko eta San Telmo Museoko bildumen bitartez, kasu honetan erlezaintza, heriotza, argizaria eta hitzaren inguruko praktika sinbolikoak berraktibatuz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión