Joe eta Art Gazako hondakinetan, Gazako hondamendiaz berbetan
2025eko Zilarrezko Euskadi Literatura Sarietan, Gipuzkoako Liburu-denden Elkarteak Astiberri argitaletxeak kaleraturiko Joe Saccoren 'Gerra Gazan' 32 orrialdeko dokumentu gogor eta lakarrari egin dio aitortza. Komikiari berari eta euskarara ekarri duen Julen Gabiriari, zeinak Maltan jaio, Melbournen hezi eta Estatu Batuetan kokatu zen gidoigile eta komikilari ausartaren beste bi lan funtsezko itzuli duen. Bai, 'Palestina'-z eta 'Gazako Oin-Oharra'-z ari natzaizue.
Publicidad
Amorruz eta doluz, presaz ere marraztu eta idatzitako 'Gerra Gazan' horretako azken bi binetan, esperantzarik gabeko aldarria egiten du Saccok. Zuri beltz-gris koloreko batean:
'(…) Bitartean, zertan ari gara nazioarteko gorte baten edo bestearen epaien zain? Ez al genuke zerbait egin behar gure kabuz? Adibidez, Dante Alighieri berpizteko kanpaina bat? Zeren soilik poeta batek konjura lezake horrelako infernu bat, genozidioa sustatu eta armaz hornitu dutenen neurrikoa. Eta Gazako hildakoek ziurrenik badakite espero dezaketen justizia bakarra fikzioaren lurraldean bizi dela'.
Astiberrik berak dioen bezala, adore politikoari eta erantzukizun moralari aurrez aurre begiratzen dion hausnarketa Saccorenaren azken orriko marrazkian, pankarta batek argi demonio egiten du tintazko oihua: Palestinakoa 'Infernuko 10. Zirkulua' da.
Gipuzkoako liburu-denden Elkarteak emandako sari horren harira tiraka, aurtengo otsailera egin beharko genuke atzera. Egun haietan gaur ere eta oraindik ere webean erraz asko aurki dezakezuen binetetako beste manifestu latza eman zen ezagutzera. Horretan ere, komikiaren lengoaia erabiltzen zuten egileek, markaz fuerakoak ziren (diren) sortzaile bik: Joe Sacco bera eta Julen Gabiriak ere euskaratu zuen 'Maus' monumentalaren Art Spiegelman autorea. Askok dakizuen bezala, Spiegelman underground komikigintzan aritutakoa da. Suedian jaio zen marrazkilaria, New Yorken bizi den idazlea. Holokaustoari buruz aritzeko erabili izan diren ohiko moduetatik urruntzen den bere 'Maus' lan horrek Pulitzer saria merezi izan zuen aspaldian, hain baitzen erradikala bere narratiba.
Palestina mintzagai
Biak, Joe eta Art, elkartzen dira Gazako hondakin marraztuetan, biek dute Palestina mintzagai, dolugai binetetan. Ez batak ez besteak ez dute ahoan bilorik. Joek 'genozidio' hitza erabiltzen du. Artek, 'garbiketa etnikoa'. Ez batak ez besteak ez dute 'Holokausto' esamoldea onartzen. Zergatik? Etimologikoki berba horrek Jainkoei luzaturiko 10 idi errearen eskaintza esan nahi duelako. Haien esanetan, ez Auschwitzeko kameretan itotako juduak ez Gazako hondakinen pean harrapaturiko palestinarrak ez dira jainko bati edo besteari egindako eskaintza. Beste gizaki borreroen biktimak baizik
Publicidad
Artek minez hitz egiten dio Joeri, haserretu zen biziki Israelgo armadak soldadu berrientzako deian 'Maus' komikiaren azala erreklama, poster, afixa erabiltzen zuela esan ziotenean. Biek elkarri galdetzen diote ez ote den Palestina Apokalipsipeko lau zaldunen Zona Zeroa. Ondorio batera iristen dira artista biak sareetan duzuen komiki labur horretan, agian guk guztiok baino askoz azkarragoak izan behar konponbide justua bilatu ahal izango dutenek. Irtenbide justu hori ezinbestekoa da baina. Bestela, Apokalipsipeko zaldun horiek 'Soluzio Finala' antzeko zerbait ekarriko dute. Bai, naziek asmaturiko 'Endlösung der Judenfrage' hura, zeinak gizakiak milioka hil egin zuen.
Esperantza gutxiko irakurketa dira artikulu honetan aipaturiko biak. Baita noraezezkoak ere.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión