Asteazken honetan egin du agerraldia Ibone Bengoetxea sailburuak. E.L.

Jaurlaritzak euskararen biziberritze-prozesuan aurreikusi dituen hurrengo ekimenak azaldu ditu

Hizkuntza Politikako sailburuaren esanetan, erronka nagusia da euskara hautu pertsonal erakargarri izatea herritar gehiagorentzat

I. Altuna

Donostia

Miércoles, 12 de noviembre 2025, 18:25

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordearekin batera, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren euskararen erabilera indartzeko ibilbide-orria. Bengoetxeak adierazi duenez, «euskararen biziberritzearen hurrengo jauzia emozioaren, konplizitatearen eta herritarren inplikazioaren bidetik etorriko da».

Publicidad

Batzordeak eskatuta, Josu Aztiria Urtaran, EH Bildu taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari jarraituz, Jaurlaritzak euskararen biziberritze-prozesuaren egungo egoerari buruz, eta zer ekimen aurreikusi dituen esparru horretan azaltzeko agerraldia egin du Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak asteazken honetan.

Bengoetxeak gogoratu du gaur egun, biztanleen %42,5 euskalduna dela, 1981eko %21,9aren aldean, eta 5 eta 29 urte bitarteko gazteen artean euskararen ezagutza %75ekoa da. Hala ere, ohartarazi du «gizartea aldatu egin dela, eta erronka nagusia dela euskara hautu pertsonal erakargarri eta desiragarria izatea herritar gehiagorentzat, egungo emozio eta errealitate sozialekin konektatuz». Eta hemen nabarmendu du euskararen etorkizuna ez dela erakundeen ardura bakarrik, «herri oso baten mugimendua baizik».

Gobernuaren jarduna hiru ardatz estrategikotan oinarritzen dela zehaztu du sailburuak. Alde batetik, politika publiko sendo eta zeharkakoak, AROA markoa eta laster onartuko den Euskararen Plan Estrategikoa oinarri hartuta. Hemen aipatu du aurrerapauso nabarmenen artean daudela euskara ikasteko oinarrizko mailen doakotasuna, INGURA ikaskuntza-plataforma digital berria, eta euskara hezkuntzan, industrian eta berrikuntzan txertatzeko politikak.

Bestalde, gizarte antolatuarekin lankidetza aldarrikatu du, euskararen erabilera errealerako baldintzak sortzeko. Horren adibide dira LANERA proiektua (arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko), etorkinen harrera linguistikoa, eta ikus-entzunezkoen arloan euskararen presentzia handitzeko nazioarteko plataformekin egiten ari diren akordioak.

Publicidad

Azkenik, herritarren inplikazioa eta atxikimendu emozionala aipatu ditu, 'Jauzia Gara' bezalako prozesuen bidez, euskara «hautu pertsonal erakargarri» bihurtzeko eta gizartearen «konplizitatea» sendotzeko. «Herri honek asmatu du orain arte nola aurre egin arazoei», gaineratu du, eta puntu honetan «elkarlana» eta hizkuntzaren «etengabeko egokitzapena» azpimarratu ditu, «betiere gizartearekin kontrastatuz.

Halaber, gogorarazi du 2027an egingo dela Euskararen Mundu Biltzarra, euskararen indarberritze-prozesuaren etorkizuneko norabideak markatzeko gizarte eta unibertsitate mailako ekarpenak uztartuko dituen foro nagusia. «Gure helburua argia da: denon artean euskararen biziberritzean aurrera egitea, eta etorkizuneko belaunaldiei hizkuntza bizia, erabilia eta, batez ere, maitatu bat uztea.»

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad