Igartubeitiko dolarearen sekretuak asteazkenero ikusgai
Abuztuaren 16an, 23an edo 30ean Ezkioko baserrira gerturatzen direnek euren sagar-zuku propioa egin eta dastatu ahal izango dute
A. Urbieta
Donostia
Domingo, 13 de agosto 2023, 18:55
Ez da aitzakia askorik behar euskal baserriaren Urrezko Aroaren adibide paregabetzat jotzen den Igartubeiti Baserria bisitatzeko. Ingurune ederrak –Ezkion kokatua dago– eta XVI. mendeko eraikinak berak bisita merezi dute urteko edozein sasoitan. Baina horri uda honetarako prestatu duten eskaintza berezia gehitzen bazaio, gerturatzea ia derrigorrezko bihurtzen da.
Publicidad
Proposamen horietako bat abuztuko astezkenetan burutzen dena da. 'Egin zure sagar zukua eta dastatu gazta pintxoarekin'. Gonbita argia dira. XVI. mendeko dolare-baserrien historia eta euskal sagardoaren kulturaren jatorriaren historia ezagutzeaz gain, hilaren 16an 23an edo 30ean Igartubeitira hurbiltzen direnek euren sagar-zukua propioa egiteko aukera ere izango dute, dolare-baserrien bihotzean dauden makina hauen funtzionamendua zuzenean ikustearekin batera. «Ezagutu baserriko dolarearen sekretuak, sagarren usaina eta zaporea sentitu. Sagarra jotzeko erabiltzen ziren erritmo musikalak praktikatu. Birrindu, prentsatu ondoren, muztioa dastatu gazta pintxo batekin. Esperientzia sentsorial ahaztezina!», diote baserritik.
Aipatu bezala, asteazkenero eskaintzen den bisita da hilabete honetan, goizeko 10:30ean hasita. Prezioa 6 eurokoa da eta izena emateko 943 72 29 78 telefonora deitu edota igartubeiti@gipuzkoa.eu helbide elektronikora idatzi behar da.
Erakusketa urte bukaera arte
Bertaratzen direnek, halaber, urtebukaera arte baserrian ikusgai dagoen erakusketa berezia ere izango dute ikusgai, 'Mundua 4 zaporetan margotuta' izenburupean euskal kulturaren eta sukaldaritzaren jatorria eta berezitasuna lau saltsarekin ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen duena.
Urola Garaiko altxorretako bat da, zalantzarik gabe, Igartubeiti baserria. XVI. mende erdialdean eraikia, XVII. mende hasieran iritsi zen bere unerik onenera, bizimodu eta lan berriei egokitzeko zabaldu eta aldatu egin zutenetik aurrera hain zuzen. Jatorrizko egurrezko egitura bikain mantendu izanak eta barruan duen sagardo dolare handiak Euskal Herriko baserri interesgarrietarikoa bihurtzen dute.
Publicidad
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1992. urtean erosi zuen baserria, desagertu ez zedin. Erabat zaharberritu eta eredu izendatu zuten, eta baserriak XVII. mende hasieran zuen irudi historikoa eskaintzen du orain. Barrutik, antzinako baserrien egiazko bizitza birsortzen duen museo bihurtu da eta, bertan, duela lau mende euskal baserria nolakoa zen jakin daiteke, zuzenean eta interferentziarik gabe: argirik ez eta jatorrizko altzari eta tresnekin.
Era berean, Aldundiak interpretazio zentroa eraikitzea eta hornitzea erabaki zuen baserrian emandako informazioa zabaltzeko, baita bertan bisitaldiak kudeatu asmoz ere. Bi guneak, baserriak eta interpretazio zentroak, baratzearekin eta bere ingurunearekin batera osatzen dute Igartubeiti Baserri Museoa.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión