Dolarea martxan eta sagarraren prentsaketa zuzenean ikusi ahal izango da Igartubeitin. Limia

Igartubeitiko dolarea martxan ikusteko aukera izango da urrian

Sagardo Astea urriaren 8tik 18ra luzatuko da eta antzezpenak eta kirikoketa erakustaldiak ere izango dira

X. Ibarbia

Donostia

Domingo, 7 de septiembre 2025, 19:35

Oraindik hilabete falta bada ere, Igartubeiti Baserri Museoan dena prest dute Sagardo Asteari ekiteko, urriaren 8tik 18ra luzatuko da eta ohikoa denez, baserriko prentsaketa zuzenean ikusteko aukera eskainiko dute; urteko aukera bakarra izango da, gainera. Baina horrekin batera, antzerkiak eta kirikoketa erakustaldiak ere prestatu dituzte eta urriaren 11n eta 18an Legazpiko Fabrikara bisita gidatua eskainiko da gazteleraz arratsaldeko 17:00etan.

Publicidad

Sagardo Asteak Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez Igartubeiti baserria ezagutzeko aukera eskaintzen du. Urriaren 11, 12 eta 18an (11:15), antzezpenak izango dira, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldearen eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarraren eskutik. Kortaberria familia, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandakoa, gorpuztuko dute.

Baina, aipatu moduan, baserriko dolarea martxan ikusteko aukera ere izango da urrian. «Museoak iraunkortasunarekin duen konpromisoarekin jarraituz, prentsatutako sagar guztia Ezkio-Itsasokoa da», azpimarratzen dute antolatzaileek. «Hitzordu honetan, duela mendeetako jarduera honen lekuko izan zaitezke, dolarea martxan eta sagarraren prentsaketa zuzenean ikusiz». Urriak 8, 9, 10, 13, 14, 15, 16 eta 17an izango da hori, goizeko 11:30ean. Urriak 11, 12 eta 18ko sagar jotzetan, gainera, kirikoketa talde bat izango da, eguerdian. Kirikoketa, sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua da.

Bi erakusketa ikusgai

Bestalde, egun hauetan Igartubeitira hurbiltzen direnek bi erakusketa ikusteko aukera izango dute. Interpretazio zentroan ikusgai dagoen «Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain» erakusketak, mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria, euskal landa-paisaiaren irudi nagusi bihurtzeraino. Aldi berean, zientziaren eta arkeologiaren bidez, agerian uzten du eta desmitifikatu egiten du denboran zehar arte ezberdinek eta literaturak arkitektura-tipologia honi buruz sortu duten irudi idealizatua, iruditeria kolektiboan sakonki eraginez.

«Nagusia hil da. Erlauntzaren inguruko erritua» erakusketa, berriz, Galbahe beka-ren lehen edizioari esker garatutako sei hilabeteko ikerketaren emaitza da. Baserrian kokatua, erakusketak aztertzen du erleen, heriotzaren eta errituen arteko harremana, eskulturak, proiekzioak eta inpresioak artikulatuz ondare etnografikoa berreraikitzen dutenak. Keinu arkeologikoa baino gehiago, proposamenak mito eta praktika sinbolikoak orainera hurbiltzen ditu. «Nagusia hil da», non naturala eta eraikia elkar lotzen duten.

Publicidad

Sagarra jarduera honetako protagonista izango da. Sagardo Astean, Igartubeitiko sagarrondoetako sagar mota ezberdinen erakusketa ere izango da.

Sagardo Asteko jardueretan parte hartzeko aurrez izen eman behar da: 943 72 29 78 / 72 51 07; igartubeiti@gipuzkoa.eus.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad