Ia 200 gaztek hartuko dute parte bertso udalekuetan
Lau txandatan banatuta, lehenengo partaideak dagoeneko Uitzin dira
I. A.
Donostia
Viernes, 11 de julio 2025, 19:16
Bertso Udalekuen lehen txanda abian da Uitzin. 12-13 urte bitarteko Euskal Herriko herrialde desberdinetako gaztetxoen topagune izango da uztailaren 13ra bitarte. Euskal kulturan eta euskaran oinarritutako jolasekin eta euskarazko sormen adierazpideekin gozatzen pasako dute astea, eta, ondoren, testigua pasako diete Bidarraiko lagunei. Sarrian eta Zuhatzan izango dira hurrengo topaketak.
Publicidad
1998an antolatu ziren lehen aldiz Bertso Udalekuak, Hazparnen. Orduko asmo berberarekin antolatzen dira udaro: haur eta gazteak bertsozaletzea, bertsotan gozatzea, eta, honela, bertsotan jarraitzeko motibazioa areagotzea. Horrez gain, Euskal Herri mailako harreman sareak egiteko balio dute udalekuek, eta, bide horretan, elkarbizitza balioak lantzeko ere.
Haur eta gazteentzat ez ezik, hezitzaileentzat ere ikasteko gunea da: iniziatiba eta ardurak hartzen, antolaketan, ondorengo belaunaldiaren transmisioan... Gainera, hezitzaile lanetan dabiltzan asko eta asko, aurretik, bertso udalekuetako haurrak izandakoak dira, gogoratu dute Bertsozale Elkartetik. Bertsolariek ere txandaro egiten diren bertso saioetan ere hartzen dute parte. Hortaz, transmisiorako gako dira udalekuak, besteak beste, egun plazan dabiltzan bertsolariekin hartu emanean baitaude haur eta gazteek.
Uztailean egingo diren lau txandetan 196 kide elkartuko dira. Horietatik, 161 haur eta gazteak izango dira eta 35 hezitzaileak. Partaideen %87 bertso-eskoletan dabilena da, eta helburuetako bat horixe da, bertso-eskolen jarduna bizi eta emankor jarraitzea uda ostean ere.
Uitzin, Bidarrain, Sarrian zein Zuhatzan izango direnen %80a iaz ere izan zen Bertso Udalekuetan. Probatzen duten gehienek errepikatu egiten dute, beraz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión