Euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera emateko bisita
Alemaniako Münster hiriko Skulptur Projekte erakusketa esanguratsuko talde kuratorialeko kide bat bisitan da Euskal Herrian
DV
Donostia
Sábado, 11 de octubre 2025, 11:39
Skulptur Projekte Münster 2027ko talde kuratorialeko kide den Vicent Schier komisario alemaniarra Euskal Herrian da egunotan, bertako testuinguru artistikoa, eragileak, espazioak, proiektuak eta sorkuntza garaikideko ereduak bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Egonaldia Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako ZABAL nazioartekotze-programaren baitan kokatzen da, artearen arloko nazioarteko profesionalen eta euskal eszenaren arteko harreman zuzena sustatzea xede duen egitasmoa.
Publicidad
Etxepare Institututik jakinarazi dutenez, Skulptur Projekte Münster Europako erakusketa-proiektu esanguratsuenetako bat da arte publikoaren eta eskulturaren esparruan. 1977tik hamar urtean behin Alemaniako Münster hirian egiten da, eta hiriaren espazio fisikoa esperimentazio artistikorako eszenatoki zabal bihurtzen du, nazioarteko artistak hiriko hainbat gunetan esku hartzera gonbidatuz. Hurrengo edizioa 2027an izango da.
Egonaldian zehar, urriaren 8tik 11ra bitarte, Vicent Schierrek Bilbo, Donostia eta Gasteiz bisitatu ditu, euskal testuinguru artistikoa hobeto ezagutzeko asmoz. Bere ibilbidean, Bilboko Arte Ederren Museoa, Artium Museoa, Tabakalera, Guggenheim Bilbao Museoa eta Etxepare Euskal Institutua ezagutu ditu, besteak beste, eta Skulptur Projekte Münster 2027ko komisario-taldearen interesekin bat datozen praktika artistikoak dituzten artista eta kolektiboekin elkartu da.
Schierren bisitak «euskal sortzaileen lana nazioarteko lehen mailako foro batean ikusgai jartzeko eta etorkizunean Skulptur Projekte Münster-ekin lankidetzak abiatzeko aukerak zabaltzen ditu», adierazi dute Etxeparetik. «Era berean, honakoa bezalako ekintzekin, Etxepare Euskal Institutuak ZABAL programa sendotzen jarraitzen du euskal eta nazioarteko testuinguru artistikoen arteko lotura iraunkorrak ehuntzeko, eta arte garaikidearen mapa globalean euskal arte-sistemaren posizionamendua indartzeko plataforma estrategiko gisa».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión