Merina Gris taldearen irudi bat.
Merina Gris | Musika taldea

«Beldurra, amorrua eta itxaropen izpi bat bildu ditugu kanta berean»

Hirukote donostiarrak gaurko garaiaren kritika egiten duen 'Tesla bat sutan' singlea kaleratu du, Gorka Urbizurekin elkarlanean

Oihane Calvo Ugarte

Martes, 14 de octubre 2025, 13:01

Merina Gris bueltan da, oraingoan kolaborazio oso berezi batekin. Bigarren lan luzea, 'Zuloa', aurkeztuta eta egungo Euskal Herriko eszena musikaleko talde indartsuenetarikoa bilakatuta, irailaren 19an single berria kaleratu zuen talde donostiarrak: 'Tesla bat sutan'. Abesti berri hau, gainera, Gorka Urbizurekin elkarlanean dator, hirukotearen unibertso ilun eta biziak Berri Txarrak-en ahots karismatikoarekin bat eginez.

Publicidad

Abestiak gure garaiaren ispilu garratz gisa funtzionatzen du: mundu kapitalista, suntsikor eta dekadente baten irudia marrazten du, aldi berean bertan bizi garenon zaurgarritasuna islatzen delarik. Negatibotasunez beteriko letra zorrotzaren atzean, ordea, itxaropen-keinu bat gordetzen du. Horrela, 'Tesla bat sutan' suntsitzen ari den orainaren adierazgarri da, baina baita hondamendiaren erdian bizirik irauteko behar dugun esperantzara gonbita ere.

-'Tesla bat sutan' abestian gaur egungo mundu kapitalista eta dekadentearen kritika egiten duzue. Zein da abestiaren muina? Zein mezu helarazi nahi izan duzue?

-Ez dakigu oso ondo zer mezu helarazi nahi dugun, baina guk sentitzen ditugun emozio kontrajarriak jarri nahi izan ditugu kanta honetan. Ez gaude batere gustura inguratzen gaituen munduarekin eta askotan, era berean, erreakzionatzen ez dugunaren sentsazioa dugu. Beldurra ematen du etorkizunak, baina bizkarra ematen ari gatzaio mamu horri. Era berean, itxaropena dugu, eta hori ageri da, kantaren zantzu batzuetan. Ez dakigu nondik, baina izpiren bat sartzen da. Ezegonkortasun honek beldurra ematen digu, baina amorrua ere. Beldurra, amorrua eta itxaropen izpi bat, kanta berean.

-Izenburuak berak badu karga sinboliko handia. Zergatik 'Tesla bat sutan'? Zer irudikatu nahi izan duzue sinbolo horren bidez?

-Gorka Urbizuk idatzi zuen esaldi bat izan zen, eta segituan konektatu genuen. 'Tesla' hitza hain da gaur egungoa… oso paradigmatikoa iruditu zitzaigun. Badu puntu apokaliptikoa, gainera. Horretaz aparte, interesgarria da atzean dagoen istorioa… Nikola Teslaren abizena, gaur egun Elon Musk jabe duen auto marka ezagunaren antipoda delarik… Azken hau kapitalismoaren ikur apropos bat delarik. Etorkizuna sutan.

«Espainiak 24 orduz ilunpean utzi zuen itzalaldi orokorra pairatu zuenean, 'argiak itzaltzen direnean' hook hori pentsatua geneukan»

-Konposizio-prozesuan Espainia 24 orduz ilunpean utzi zuen itzalaldi orokorrak eraginik izan zuen? Izan ere, abestiko lerro bat –'ta zu non ezkutatuko zara, argiak itzaltzen direnean?'– egoera horren ispilu izan daitekeela dirudi.

Publicidad

-Oso zaurgarri sentitu ginen hura gertatu zenean. Eta kasualitate hutsa izan zen, ordurako «argiak itzaltzen direnean» hook hori pentsatua geneukan. Etorkizun hauskor horren sentsazioa areagotu besterik ez zuen egin. Hor ikusi zen, gizarteak ez zeukala B planik. Ez daukagu B planik. A plan baten bila idatzi genuen esaldi hori, bigarren pertsonan.

-Letra garratz eta gordinaren atzean, hala ere, itxaropen-ate txiki bat irekitzen duzue…

-Bai, gure ustetan itxaropena ezinbestekoa da, eta batez ere, aukeratzen ez dena. Bizirauteko tresna hutsa dugu… kaosa da hor kanpoan (eta barruan) eta asko ikusten da «no future»-aren jarrera. Ulergarria, baina bada oraindik, gehienetan, aurrera egitera bultzatzen gaituen indar txiki hura. Ez da gizartearekiko itxaropena, askoz ere gauza abstraktoago bezala sentitzen dugu guk. Arrazoiaren mundutik haratago, plano emozionalean kokatzen den zeozer. Bakoitzak bere tokian dauka… esango nuke, guk, maite ditugun pertsonetan daukagula.

Publicidad

«Duela ia bi urte, Gorka Urbizuk kolaboratzea proposatu zigun eta guk ezin genuen sinetsi»

-Kolaborazio berezia da 'Tesla bat sutan' zuentzat, Gorka Urbizurekin elkarlanean aritu baitzarete. Nola sortu zen ideia?

-Sari banaketa batean gurutzatu ginen berarekin, duela ia bi urte. Kolaboratzea proposatu zigun eta guk ezin genuen sinetsi. Lanpetuta ibili gara orain arte baina beti izan dugu bizirik sugar txiki hori. Aurten, fundamentuz konposatzeko aukera izan dugu elkarrekin, eta horrela izan da.

-Nolakoa izan da berarekin lan egitea, eta zer ekarpen egin dizkio abestiari?

-Askotan, kolaboratzea gauza hotz bat izan daiteke, bakoitzaren agendak eta aukerek baldintzatuta. Kasu honetan, erabat kontrakoa izan da: Gorka gure lokalera etorri da, eta bertan egin dugu kanta elkarrekin, bertan jo ditugu gitarrak, bertan probatu ditugu melodiak… Eta bertan eman dizkiogu bueltak aurretik idatzi zituen lerroei. Asko hitz egiteko aukera izan dugu.

Publicidad

-Zer suposatzen du zuentzat, pertsonalki zein profesionalki, gaztetan zuen erreferente izan zen artista batekin pieza hau partekatzeak?

Egia esan, oso pozik gaude, oso gertuko esperientzia bat izan da guretzat hain garrantzitsua (ezinbestekoa) den musikari batekin. Amets bat bete dugu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad