Gol dialektikoak
Bertso Derbia jokatuko da gaur Donostian, igandeko partidaren atariko moduan. Realzaleen izenean Amaia Agirre, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin ariko dira; Athleticen alde, Igor Elortza, Miren Amuriza eta Iratxe Ibarra
FELIX IBARGUTXI
Viernes, 3 de enero 2014, 09:42
Bigarren Bertso Derbia jokatuko da gaur arratsaldeko 7etan Donostiako Antzoki Zaharrean. Igandeko futbol derbia ez bezala, adiskidantzazko norgehiagoka izango da, irabazle eta galtzailerik gabekoa. Alde batetik, hiru bertsolari giputz ariko dira: Amaia Agirre, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin; bestetik, Bizkaiko ordezkaritza, hiru kideok osatua: Igor Elortza, Miren Amuriza eta Iratxe Ibarra. Eta gai jartzen Andoni Egaña jardungo da.
Publicidad
Lehenbiziko bertso derbia iazko otsailean jokatu zen, Bilbon. Hasiera hartan bezala, orain ere Real Sociedad Fundazioa eta Athletic Club Fundazioa izan dira Bertso Derbiaren antolatzaileak. Bi laguntzaile izan dituzte: Donostia Kultura eta Usandizaga BHIko Diseinuko Zikloa.
Azaro erdi aldera zabaldu zen bozketa egiteko epea. Bertsolari talde bakoitzeko kapitaina nor izango zen erabakita zegoen lehendik: bata, Amaia Agirre; bestea, Igor Elortza.
Bozka egiteko, hauek ziren hautagaiak: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Xebastian Lizaso, Nerea Elustondo, Jexus Mari Irazu, Ane Labaka eta Agin Laburu; eta Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Fredi Paia eta Nerea Ibarzabal.
Realzaleen taldeko kapitaina Amaia Agirre izango da. Gaur egun, seguru asko berau dugu bertsolari futbolari bakarra. Azken hiru urte hauetan, Zarautzen antolatzen den hondartzako futbol torneoan aritu da, Getariako Aranola taldearekin. Azken bi kopak talde honetxek irabazi du, gainera.
Agirreren ikuspegi kritikoa
«Futbolean umetatik aritzen naiz, nire pasio handiena zen bertsoarekin batera. Pala ere oso-oso gustukoa izan dut», esan digu.
Villabonan jaiotakoa izanik, futbolean Tolosako Laskorain ikastolako taldean hasi zen 12 urterekin eta 18 urte arte han jokatu zuen, areto futbolean. «Gero urte batzuetan ez nuen futbolean jokatu, eta 'Hitzetik hortzera' telesaioan lanean hasi nintzenean, Lasarten zegoenez produktora, ba Lasarteko futbol taldean hasi nintzen, Ostadarren, zelai handian. Erdilari moduan, eta baita atezain moduan ere. Han bost urte inguru egin nituen eta futbola betiko utzita nuela sinetsita nengoenean Getariko lagun batzuek hondartzan jokatzeko proposamena egin zidaten, eta hondartzan jokatzen daramatzat hiru urte. Hemen ere erdian jokatzen dut, baina partidaren bat edo beste atezain moduan ere bai».
Publicidad
Ikuspegi kritikoa du gaur egungo futbolaz: «Nik hemezortzi urterekin bertsoaren aldeko apustua egin nuen eta asteburuetako kirol lotura eten egin nuen. Nire gertuko lagun batek Realeko taldean jokatu zuen, eta askotan pentsatu izan dut hainbeste dedikazio eta sakrifiziok ez dutela ordainik jasotzen emakumeen mailetan, eta ni horrek izugarri amorrarazten nau. Ordu eta ahalegin asko dira, eta trukean ia ez da ezer jaso-tzen, satisfakzio pertsona ez bada. Nik umetan izugarri jarraitzen nuen futbola, baina gaur egun ez. Aspertu eta erresumindu egin nintzen, eta ez dut mundu hori babesten. Hor mugitzen den mundu hori ez dut maite».
Beñat Gaztelumendik ere ikusten du kritikarako arrazoririk: «Realeko zalea naiz, baina amorratu egiten nau futbola dela eta bultzatutako probintziakeriak; niretzat, derbia festa bat da beste ezeren gainetik; denok elkartzeko aitzakia bat».
Publicidad
Mutikotan egiten zuen futbolean Gaztelumendik, normalean aurrelari moduan. Ez zeukan talentu handirik eta 12 urte zituela laga egin zion. Gero Realeko bazkide egin zen, baina hari ere utzi zion, orain bost urte. Orain, tarteka etxetik ikusten ditu Realaren partidak.
Alaia Martin ez da bereziki realzalea, «baina Anoetara joan naizen aldietan gustura egon naiz. Niretzat exotikoa da futbolaren mundua, eta tarteka gozatzen dut. Eta futbolzale itsua ez izanagatik, beti izan diot kariñoa Errealari», adierazi digu.
Publicidad
Poza eman dio aukeratua izanak: «Badut ilusioa saiorako. Bertso saio guztietarako izaten dut ilusioa, eta kasu honetan, saio berezia izanik, jakinmina gehitzen zaio ilusioari».
Ikastola garaiko errekreoetan baina ez du egin futbolean oiartzuar honek. «Golik ez nuen sartzen, baina beste taldekoak molestatzen abila nintzen».
Bizkaitarren kapitain Igor Elor-tza ariko da gaurko bertso-festan. «Futbola jarraitzen dut, baina distantzia apur batekin. Batez ere, Athleticzalea naiz, eta zurigorriak zelan dabiltzan, halako jarraipena egiten diot. Ondo dabiltzanean pozez era arreta handiagoz, eta bestela, ba besterik barik, zer egin duten begiratzen dut lar sufritu barik. Zelan ez, duela bi denboraldi legez dabiltzanean, sukarraldi sozialaren parte izatea atsegin dut. Gainontzean, mundialen xarma gogoko dut eta Txapeldunen Ligako azken txanpak ere segitzen ditut», esan digu. «Umetan jokatu nuen futbolean, baina nahiko mengela nintzen eta nahiko traketsa. Mutil gehienek bezela, nik ere amesten nuen egunen batean Athleticegaz jokatzea, eta bizitzan egingo ez ditudan itzelezkoen artean geratuko zait San Mamesen gol bat sartzea!»
Publicidad
Eta, bukatzeko, Miren Amurizaren testigantza: «Egia esan ez naiz bereziki futbolzalea... Athletic-en Julen Guerrero, Alkiza eta Joseba Etxebarriaren garaiko kromoak eta izaten nituen, baina harrezkero ezer gutxi. Gaur egun orokorrean jarrai-tzen ditut euskal taldeen gorabeherak, bertsotan edonoiz tokatzen baitira. Athletic-en kasuan, bereziki neskei jarraitzen saiatzen naiz».
Uste du gaurko Bertso Derbian ikuspegi ezberdin bat emateko gai izango dela: «Niri gustatzen zait bertsozaleak ez diren lagunekin bertso saioak entzutea, askotan kanpotik guk ikusten ez ditugun gauza asko ikusten dituztelako. Espero dut nik ere Bertso Derbian ikuspegi desberdin hori eman ahal izatea. Edonola ere, poztu nintzen aukeratua izatean; bertsotan egiteko eta esperimentatzeko aukera bati nola esan ezetz?»
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión