Maia: «Bertsolaritzako nire aita izan da. Ez zen teknikara mugatu»
Zumaiako bertso-eskola oparoa izan da, eta urteen poderioz Jon Maia gehien nabarmenduta
F. I.
Sábado, 14 de diciembre 2013, 12:48
Zumaiako bertso-eskolako kimuetatik, Jon Maia izan da urrutien iritsi dena. Oso eskertuta dago Joanito Dorronsororekin: «Bertsolaritzako nire aita izan da. Bera bezalako bisionariorik egon ez balitz, ni bezalako bat ez litzateke bertsolari izatera iritsiko, zeren nire kasuan nabarmena izan da: ez dut etxeko transmisiorik izan, gurasoak etorkinak izanik. Ni zerorik hasi nintzen, eta bere eskutik. Seguru asko bera izan zen Euskal Herrian lehenbizikoa irakaskuntza arautuan bertsolaritza sartu zuena, edo lehenengoetakoa», adierazi digu.
Publicidad
«Umetan hasi nintzen berarekin, eta geroztik ere nire ibilbidea oso lorua egon da berari. Badakit bertso-eskolaren emaitza naizela erabat. Bera gakoa izan da ni naizena izateko. Irakasle moduan, pazientzia handikoa zen. 'Bertsotan I' eta 'Bertsotan II' liburuak bereak dira. Ordurarte ez zegoen material pedagogikorik. Pentsa zer zortea izan genuen guk Zumaian. Ikerlari handia, isil-isilik izugarrizko bilketak eta ikerketak egin zituen. Ez dezagun ahaztu solfeora pasa zituela liburu horietan jasotako bertso guztien doinuak. Eta kaseteak ere atera zituen grabazioekin. Dena, musutruk. Eta badakigu: musutruk lan egiten duena pasioz egiten du lan», dio Maiak harrotasunez.
Dorronsororekin zaletu omen zen Maia. «Ez zelako mugatzen teknika erakustera, baizik eta imaginario oso bat transmititzen zigun: bertsolarien pasadizoak, bertsoetan ager-tzen ziren istorioak...».
«Zenbat kilometro ez genituen egin bere kotxean! Hartzen zituen berso-eskolako umeak batera eta bestera eramateko, bertsotan egin zezaten», jarraitzen du.
Zumaiako bertso-eskola oso indartsua izan da. Eskolarteko zenbait finaletan herriko sei ume edo gaztetxo ere jardun izan dira. «Ez bakarrik kualitatiboki, kuantitatiboki ere altxor handia utzi digu Joanitok: Zumaian ehunka gaztek, bere ondoan ikasitakook, dakigu bertso zaharrak, eta edozein afaritan edo parrandatan biltzen garenetan, denok kanta-tzen ditugu umetan ikasitako bertsoren batzuk. Eta hori Zumaian, bereziki herri bertsolaria izan ez den Zumai honetan. Hori da beharbada inportanteena Joanitok egin duena: hedapen-lana, transmisio-lana ehunka gazterengan. Tradiziotik zetorren altxor hori erakutsi digu».
Jakina denez, Maia finaletik kanpo gelditu da. «Pena handia ematen dit, besteak beste Joanitok jantzi behar duelako txapela. Oso espeziala izango litzateke momentu hori. Horrek tristura puntu bat ematen dit, baina pozik nago eginkizun horretarako Joanito aukeratu dutelako. Merezi zuen pertsona horietakoa baita. Benetan pozten naiz, berari aitorpen handia egiten zaiolako. Egongo nintzen pozik bere aldamenean, bai».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión