Bertso-festa handia Iruñean
Larunbat honetan jokatuko da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala
DV
Martes, 19 de marzo 2013, 09:29
Larunbatean azken hitzordua du aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Otsailaren 2an Lizarran hasi zen ibilbidea amaierara ailegatuko da Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, arratsaldeko 17etatik aurrera.
Publicidad
Hogeita hamaika izan ziren Nafarroako Bertsolari Txapelketa hasi zuten bertsolariak, eta horietatik zortzi igoko dira larunbatean oholtzara: Julio Soto, Xabier Silveira, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Aimar Karrika. Horietatik aterako da Nafarroako txapelduna. Horrez gain, finaleko lehen lau sailkatuek udazkenean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartela lortuko dute.
Orain dela bi urteko finalarekin alderatuta, hiru bertsolari berri izango ditu Anaitasunako finalak: Erika Lagoma, Aimar Karrika eta Eneko Fernandez. Hala ere, Erika Lagomak jakin badaki zer den Nafarroako finaletan kantatzea, 2006tik 2009ra lau finaletan egon baita.
Aimar Karrika auriztarrak, berriz, azken urteotan Xalto eta Izeta sariketak irabazi ostean lehen aldia du finalean. Eneko Fernandez lesakarrak finalera ailegatzea lortu du Nafarroako Bertsolari Txapelketako bere lehen parte-hartzean.
Gainerako bost bertsolariak 2011ko Labriteko finalean egon ziren. Julio Soto egungo txapelduna da, bi aldiz irabazi ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 2010 eta 2011n. Xabier Silveira da txapela gehien dituenak, sei aldiz irabazi du txapelketa, azkena 2009an. Eneko Lazkoz, Oskar Estanga eta Jon Barberena ohiko finalistak izan dira azken urteotan.
Publicidad
2011ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan itzuli egin zen finala Iruñera, urte luzez bertan egin gabe izan ostean. Saio gogoangarria izan zen hura, bai bertsozaleen erantzunagatik, baina baita bertso mailagatik ere. 2013ko finala Iruñean izanen da berriro, baina kasu honetan Anaitasuna kiroldegian. Aretoa bertso jardun txukun baterako egokituko da, hortaz aforoa mugatua izanen da. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu web gunean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión