Badator Basarriren Mendeurrena
Egitarau zabala prestatu du Zarauzko Udalak, eta Abesbatzak ere erronkatzat hartu du
FELIX IBARGUTXI
Sábado, 9 de marzo 2013, 10:14
Aurtengoa Basarriren Urtea izango da Zarautzen. Datorren azaroan ehun urte beteko baitira bertsolari handia jaio zela. Zarauzko Udala egitaraua prestatzen hasia da, Motxian Bertso Taldearekin elkarlanean. Harremanetan jarri da Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Bertsolazale Elkartea eta Foru Aldundia bezalako erakundeekin, egitarau zabal bat diseinatzeko.
Publicidad
Azaroaren 27an beteko dira ehun urteak, eta hori baino piska bat lehenago, hilaren 24an, izango da Mendeurreneko ekitaldi nagusia, 'Basarritik Azken Portura' jaialdia, non bertsoa, irudia, musika eta antzerkia uztartuko diren.
Hori baino lehenago, hitzaldiak izango dira, lagun hauenak: Pello Esnal, Nikolas endoia, Joxe Mari Iriondo eta Andoni Egaña.
Abesbatza, gogotsu
Zarautz Abesbatzak ere nahi bere hondar alea ipini, ez nolanahikoa. Basarrik Arantzazu oso maitea zuela eta, Aita Madinak egindako 'Arantzazu' poema sinfonikoa kantatuko du.
Zarautz Abesbatzarekin batera beste bi koru ariko dira Txantxiku abesbatza, Oñatikoa, eta Zarautz-Txiki. Eta kantarion aldamenean Zarauzko Musika Bandak jardungo du.
Historia bitxia du 'Arantzazu' musika-lan horrek. Basilika berria inauguratu behar zenez, Karmelo Iturria fraide zarauztarrak poema sinfonikoen lehiaketa jarri zuen martxan 1956an. Baldintza bat ipini zuen: nola edo hala, agertu behar zen San Inazio Loiolakoa Arantazura joana zela, erromes.
Lehiaketa hark son handia hartu zuen. Espainiako Musika Sari Nazionala bezala kontsideratua zegoen. Irabazle, Francisco Escudero zarauztarra gertatu zen. Ordurako konpositore ospetsua zen eta hitzik gabeko poema sinfonikoa agertu zuen. San Inaziori buruzko baldintza hori betetzeko, berriz, hau egin zuen: haren martxa-zati batzuk hartu eta txertatu.
Publicidad
Aita Madinaren 'Arantzazu' poema sinfonikoak, aldiz, hitzak zituen, eta hitza franko, gainera. Oñatin jaiotako musikagile hark Salbatore Mitxelena poeta zarauztarraren 'Arantzazu: euskal-sinismenaren poema'-z baliatu zen. 1949an argitaratu zen liburu hori eta gerraosteko lehenengo euskarazko literatur liburua izan zen. Ez zen osorik publikatu hala ere, zentsurak gogotik kimatuta baizik.
Aita Madinak, New Yorken zegoela jaso zuen lehiaketaren berri. Berehala erabaki zuen parte hartuko zuela. Ordurako, musikagintzan estilo berezi eta pertsonala zeukan garatua, baina jende xumean begiak jarriz, orduko hartan musikalan 'ulergarri' bat egitea pentsatu zuen. Lanean hasi zenean, otsailaren 29an, hala aitortu zion gutun batean Aita Karmelo Iturriari: «Uste dut lirismo erromantikoen hariari jarraitu behar diodala, zeren eta, ultramodernismoen barnean sartzen bagara gure herriak ez gaitu ulertuko, nahiz eta Oteiza nire laguna ados ez egon».
Publicidad
Hamabi egunetan bukatu zuen lana. Saririk ez zuen irabazi, ohorezko aipamena bakarrik jaso zuen. Epai-mahaikoen ustetan, ez zelako poema sinfoniko bat (orkestrak baino, ahotsek indar gehiago zeukatelako, orduko teknikak eta espresibitate modernoa baztertu eta herrikoiegia zelako, eta, azkenik, San Inazio erromesa atal labur batetan baizik ager-tzen ez zelako.
Musika-lan hori 1957ko urriaren 5ean estreinatu zuten, Oñatiko parroki elizan. Bilboko Udal Orkestra eta Oñatiko Schola Cantorum Santa Zezilia abesbatza jardun ziren.
Geroago, 1985ean, Bartzelonan grabatu zen, Juan Carlos Irizarren zuzendaritzapean. Hango Ciutat de Barcelona orkestrarekin, Oñati eta Elgoibarko abesbatzak aritu ziren. Gainera, harrez gero Oñati abesbatzak askotan abestu izan du, orkestaz edo organoz lagunduta. Eta 1998an, aus-Art-recordsek CDra pasa eta argitalpen berria egin zuen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión