CULTURA

'Bertso Korrika'-n 25 bertso-eskola eta 100 bertsolari ariko dira

Korrikaren arduradun Edurne Brouardek adierazi du horrelako ekimena «primeran» egokitzen zaiola Korrika Kulturalaren filosofiari

F. I.

Sábado, 2 de marzo 2013, 02:11

'Bertso Korrika' ekimena aurkeztu zuten atzo Edurne Brouardek (Korrikaren arduraduna), Iñaki Muruak (Bertsozale Elkarteko lehendakaria) eta Beñat Vidalek (Algortako Bertso eskolako kidea eta AEKko Mintzapraktika arduraduna). Helburua da euskara-ikasleen neurriko bertso-saio batzuk eskaintzea, eta 25 bertso-eskolak hartu dute saioa antola-tzeko ardura. Saioak beste hainbeste herritan izango dira eta, Gipuzkoan, adibidez, toki hauetan: Donostia, Larraul, Andoain, Arrasate, Lazkao eta Lasarte-Orian.

Publicidad

Korrikarekin bateratsu joango dira bertso-saioak, eta nagusiki ostatuetan egingo dira. Era askotako saioak izango dira. Andoainen, lehenbizi, bertsolaritzari buruzko saio didaktikoa egingo da, eta ondoren bat-bateko saioa, Harituz elkarguneko lagunoekin: Haritz Mujika, Unai Mendizabal eta Amaia Agirre. Donostian, aldiz, bertso jarriak eta bat-bateko saioa egongo dira, azken parte horretan Unai Gaztelumendi, Beñat Gaztelumendi eta Asier Azpiroz jardungo direlarik. Larraulen, aldiz, Jexux Mari Irazu, Maddi Etxeberria, Haritz Mujika eta Oihana Iguaran ariko dira. Arrasaten, Miren Amuriza, Jokin Labayen, Ane Zuazubiskar eta Maddi Labayen.

Lazkaokoa bertso-afaria izango da, Lazkao, Beasain eta Ordiziako euskaltegien artean antolatua. Bertsolari hauek jardungo dira: Oihana Iguaran, Beñat Iguaran, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz.

Lasarteko saioa txapelketa tankerakoa izango da, eta lagun hauekin: Zigor Iriondo, Ane Labaka, Imanol Lizardi, Beñat Iguaran eta Andoni Otamendi.

Atzokoan, Edurne Brouardek gogorarazi zuen Korrikaren aurtengo leloa 'Eman euskara elkarri' dela, eta Bertso Korrika zirkuitua «primeran» egokitzen zaiola Korrika Kulturalaren filosofiari. Halaber, esan zuen aurten Baionan bukatuko dela Korrika, eta aurreko aldiz hiri horretan amaitu zenean, orain hamar urte, omendua Bertsozale Elkartea izan zela. Orduko leloa hau izan zen: 'Mundu bat euskarara bildu'. «Hamar urte geroago, duda izpirik gabe, bertsolaritzak mundu oso bat euskarara builtzen lagundu duela esan ahal dugu», gaineratu zuen.

Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak adierazi zuen AEKrekiko bigarren lankidetza-ekimena dela hau. Aurretik Bideoklipa Lehiaketa egon zen. Beñat Vidalek bertso honekin azaldu du ekimenaren nondik norakoa:

Publicidad

Euskaltegian lantzen ditugu

aditza eta baldintza

baina jolastuz bertsolariek

nola darabilte hitza?

Bertso Korrika iritsi zaigu

da zuretzako ekintza

euskara ikasten zabiltzan horrek

behar zenuen argi printza

denek ulertu eta gozatu

dezagun bertsolaritza.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad