«Prozesioa nire bizitza da, harro nago»
Laureano Telleriak Segurako prozesioari bizitza osoa eskaini dio. 90 urte betetzear, ilusio berarekin jarraitzen du antolakuntza lanetan
Segura berezia da. Bereziak dira bere kaleak, jauregiak, inguruak, historia eta, nola ez, bere jendea. «Harrotasunez esaten dugu segurarrak garela, herria ikusi besterik ez dago. Hainbat elementuk egiten dute herri hau berezi, baina nire kuttuna prozesioa dela esango nuke, ez dut zalantzarik», azaltzen du Laureano Telleriak.
Abuztuan 90 urte beteko ditu segurarrak, baina gaztetako ilusioa bizirik mantentzen du oraindik: «Segurarrok betidanik izan dugu gure nortasuna eta ohiturak mantentzeko ilusioa, eta gure identitatea markatzen duen ospakizun nagusienetako bat Aste Santuko prozesioa da, inongo zalantzarik gabe –azpimarratzen du–. Ehunka urte ditu gure prozesioak: 1730eko dokumentuak topatu ditugu, eta jada bertan ederki azaltzen zen ordurako ehunka urte zituen ohitura zela herrian. Gero, jendea eta gizartea aldatzen joan ziren, eta pixkanaka ospakizun hauek galtzen hasi ziren (nahiz eta orain herri askotan lanean ari diren berreskuratzeko). Gurea bezalako gutxi daude; esango nuke Hondarribikoa eta gurea direla inguruko zaharrenetakoak, eta betidanik ospatu direnak», azpimarratzen du harro Telleriak.
Publicidad
Prozesioarekin duen lotura txiki-txikitatik joan da sendotzen. «Lau urte nituela, aingeru gisa parte hartu nuen lehen aldiz, eta herri txikietan gertatzen den moduan, denetarik egitea egokitu zait, zortez: Nazareno, penitente, irudiak kargatzea... eta azken urteetan, nahiz eta prozesioan aktiboki parte hartu, antolakuntza lanetan aritzea ere egokitu zait. Baina niretzat ez da esfortzua, nire ilusioa da», aitortzen du.
40 urte daramatza Telleriak prozesioaren antolaketa zuzentzen, eta inork ez du honen historia berak baino hobeto ezagutzen: «Urteetan zehar, hainbat aldaketa izan ditugu taldean, baina harro gaude, atzetik erreleboa badatorrela ikusten baitugu. Gu adinean aurrera goaz, baina azken urteetan sei bat gazte hurbildu dira antolakuntza lanetan laguntzera, eta benetan eskertzekoa da».
Dena antolatuta izanik ere, egun handiak iristerakoan (Osegun eta Ostiral santuan ateratzen da prozesioa Seguran), bada euren esku egoten ez den zerbait: eguraldia. «Taldean, hiru pertsona arduratzen dira eguraldia behatzeaz eta euri-arriskua dagoenean erabakitzeaz prozesioa eliza barruan edo herriko kaleetan egingo den. Badute nahiko lan!», dio barre artean. Urteetan zehar, anekdota kuriosoak ere bizi izan dituzte: «Urteren batean, tokatu izan zaigu elizatik ateratzea, eta prozesioa erdi bidean zihoala, sekulako euria botatzea. Gogoratzen dut urteren batean prozesioa gelditu eta figurak patio ezberdinetan gorde behar izan genituela. Hauek bustiz gero, figurak estaltzeko tela eta mantak izurratu egiten baitira», kontatzen du.
Hau horrela, Telleriak argi du: «hauspoak ematen dion bitartean», bertan egongo dela. «Nire bizitza da hau, eta harrotasunez eskaintzen diot nire denbora eta ilusioa, oraindik urte luzez ospatu eta gozatu dadin», amaitzen du.
Publicidad
Nire herria
- – Nola deskribatuko zenuke Segura?
– Herri historiko eta polita dela esango nuke, garai bateko ohiturak mantentzen dituena.
- – Zer da Seguratik gehien gustatzen zaizuna?
– Ohiturak mantentzeko grina, elizak, jauregiak eta kaleak, denak ditut gustuko.
- – Zer da Seguratik gutxien gustatzen zaizuna?
– Gaur egungo hainbat gaztek historiari eusteko interes falta esango nuke.
- – Zein da Segurako zure toki kuttuna?
– Eliza ondoko patioa eta frontoia, hemen jaio garenok bertan hazi eta hezi gara, eta niretzat oso berezia da.
(88tik 75.ena)
Eta hurrengo igandean... Soraluze
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión