Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza zinera
'Ombuaren itzala' pelikularen grabaketa lanak maiatzean hasi nahi dituzte eta 2022ko Zinemaldirako amaituta izan
IMANOL ARRATIBEL
Sábado, 10 de octubre 2020, 01:15
'Ombuaren itzala', horixe izango da Pello Mari Otaño bertsolari handiaren inguruko filmaren izenburua. Patxi Bisquert aktorea da proiektuaren sustatzaile nagusia, eta Zizurkilen egin zuen ekimenaren aurkezpena. Bisquertek azpimarratu zuen elkarrekin lan egin behar zela filma egin ahal izateko.
Publicidad
Ekitaldian izan ziren, halaber, Joxin Azkue, Teodoro Hernandorena kultur elkarteko kidea, Otañori buruzko ikerketa lan zabala egin zuena; Maite Amenabar Zizurkilgo alkateordea; Joseba Tapia musikaria eta Xabier Amuriza bertsolaria. Amurizak Otañok idatzitako hiru bertso abestu zituen aurkezpena borobiltzeko.
Pello Mari Otaño 1857an jaio zen, Zizurkilgo Errekalde baserrian. Bere bizitzako azken bi hamarkada izango ditu oinarri filmak. Patxi Bisquer-en hitzetan, «ziur aski, horiek izan ziren Otañoren urterik emankorrenak; 1890tik 1910a bitartekoak. Urte garrantzitsuak bizi ziren gure gizartean. Foruen desagertzeak kalte izugarriak eragin zituen Euskal Herrian. Gure ekonomia hankaz gora zegoen, gazteak erbesterako bidean edo Amerikak egitera behartuta. Euskal Herriko egoera politikoa aztoratua zegoen. Urte zoragarriak dira filmatzeko. Giro hori guztia erretratatzeko. Gainera, gure zinegileen aldetik oso gutxi tratatua».
Hamar euroko ekarpenak
Erronka horri eutsi nahi dio Patxi Bisquertek, bere proiektu pertsonalean. Horretarako baina, auzolanaren beharra azpimarratu zuen. «Eguzki Art ekoiztetxea sortu nuen orain urte batzuk. Filma bat ekoiztea ez da gauza zaila, nahikoa dirua izanez gero. Arazo nagusia hor dago, Eguzki Art zinemak ez daukala sosik. Baina ausartak garenez, eta herrigintzan konfiantza osoa dugunez, herritarren eskuetatik jasoko dugu babesa eta laguntza nahikoa filma aurrera ateratzeko. Itxaropen horrekin gatoz gaur Zizurkilera, Otañoren herrira».Hamar euroko ekarpena egiteko aukera izango da ekimena bultzatu ahal izateko. Hamar euro horien truke, filma ikusteko sarrera bat eskuratuko dute herritarrek. Aurrerago zehaztuko dute laguntza hori nola eskaini ahal izango den.
Maite Amenabar Zizurkilgo alkate-ordeak ere hartu zuen hi- tza aurkezpen ekitaldian: «Eguzki Art Zinema ekoiztetxea 'Ombuaren itzala' filma gauzatzeko ahaleginetan dabil, eta kultura aurrekontuak gutxitu diren garai hauetan, partaide-laguntzaileak bilatu nahi dira eta eskaera luzatu diete herritarrei. Bide horri jarraituz, 30.000 euro biltzea izango da helburua».
Publicidad
Bertsolaria izan zelako da ezaguna Pello Mari Otaño zizurkildarra, baina hori baino askoz gehiago ere izan zela azpimarratu zuen Joxin Azkuek. Haren inguruko ikerlan zabala egina du Teodoro Hernandorena kultur taldeak. Gaiarekiko jakinmina ase nahi duenak, informazio osoa aurki dezake hernandorena.eus gunean. Pello Mari Otaño ezagutaraztea, haren bertsoak berriz ere herritarren ahotara ekartzea, nor zen eta bere testuingurua zein zen zabaltzea dira filmaren helburu nagusiak.
Zizurkilen egindako aurkezpen-ekitaldia izan zen auzolan-ekimenaren lehen pausoa. Aurrerantzean, hitzaldiak eskainiko ditu Patxi Bisquertek herri ezberdinetan barrena, ekimena aurkeztu eta laguntza-sarrerak saltzeko. Ondo bidean, 2022an izango da ikusgai 'Ombuaren itzala' filma.
Publicidad
Karabana solidarioa
Sahararen aldeko Tolosaldeko karabana solidarioa Zizurkilera iritsiko da gaur. Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko materiala bilduko dute. Hitzordua 10:00etatik 13:00etara izango da, Joxe Arregi plazan. Udalak bat egin du ekimenarekin, eta Zizurkilgo herritarrak gonbidatu ditu maskara, gel hidroalkoholikoa, eskularruak, haur eta helduentzako pixoihalak eta eskola-materiala eramatera, gero Saharako kanpamenduetara eramateko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión