Ordizia
Porrotx eta Marimotots pailazoak, aurten ere 'Bateginik' jaialdianUrruñako eta Ziburuko ikastolen alde 'Zerua lapurtu dute' ikuskizuna eskainiko dute Majorin abenduaren 27an
Ordizia
Martes, 2 de diciembre 2025
Goierriko eta Lapurdiko Ikastolek duela 29 urte hasitako elkarlanak aurrera jarraitzen du eta, azken urteen antzera, 'Bateginik' jaialdia antolatu dute Ziburu eta Urruñako ikastolak laguntzeko, euskara eta euskal kultura sustatzearekin batera. Horren baitan, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek 'Zerua lapurtu dute' ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 27an, larunbatarekin.
Publicidad
Oraingoan emanaldi bakarra eskainiko dute Majori kiroldegian, goizeko 11:30ean. Porrotx eta Marimototsekin batera, taula gainean egongo dira Pupu, Lore eta Birtxi farozaina, baita Goierriko eta Urruñako haurrak kantari. Pailazo taldearen emanaldi hau Aranzadi Zientzia elkarteko astronomia sailarekin elkarlanean osatu zuen Katxiporreta taldeak, bereziki Virginia Garcia Pena dibulgatzailearekin eta beregan dago inspiratuta farozainaren pertsonaia. Bertan, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore arduratuta daude izarrik ikusten ez dutelako eta, zer gertatu den jakiteko, Birtxi farozainaren laguntzarekin urdin infinitura abiatuko dira izarren bila, unibertsoaren sekretuak ezagutzera. Urrunera begiratuz barrura begiratzen ikasteko helburua du ikuskizunak.
Sarrerak
Emanaldirako sarrerak salgai daude jada 10 eurotan. Gaur 17:00etatik 18:00etara eskuratu ahal izango dira Villa Eugenia ikastolan eta Majori kiroldegian. Ondoren, agortu bitartean, Majori kiroldegian egongo dira. Goierriko beste herrietan ere ohiko lekuetan egongo dira salgai: Lazkaoko Gerriko liburudendan, Beasaingo Andramendi ikastolan gaur eta bihar, eta ondoren Antzizar tabernan; Segurako Elorripe tabernan; Itsasondoko Kaxintane tabernan; Zaldibiko Joxepane tabernan eta Idiazabalgo Guzta dendan. Online ere erosi ahal izango dira Katxiporreta proiektuaren webgunean.
Ohi bezala, ikastolek elkarlanean antolatutako emanaldi honek Lapurdin ere izango du itzulia. Martxoaren 7an egingo dute jaialdia Urruñako kiroldegian. Bertan ere Goierriko eta Urruñako ikasleek parte hartuko dute. Bertara joateko autobus zerbitzuak antolatuko dira. Ekitaldiekin lortutako dirua Urruñako eta Ziburuko ikastolak finantzatzera bideratuko dira.
Behar handiak
Izan ere, azken urteotan urrats nabarmenak eman badituzte ere, Iparraldeko bi ikastolek «behar gorriak» dituzte oraindik gaur egun, ekitaldiaren aurkezpenean adierazi zutenez. Biak hornikuntza lanetan murgilduta daude.
Publicidad
Urruñako ikastolak 110 ikasle ditu ikasturte honetan, iaz baina 5 gehiago. 80 familiek osatzen dute, gehienak Urruñakoak, baina Hendaian, Ziburun, Buruatun eta Irunen bizi direnak ere badira. Aurten bi ardatz garatzeko helburua dute. Batetik euskararen normalizazioaren alde egitea eta, bestetik, transizio ekologikoaren baloreetan jarraitzea.
Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan, berriz, 281 ikasle daude Donibane Lohitzun, Ziburu, Hendaia, Biriatu ta Urruñakoak. Ikastola hau 1999an sortu zen 70 haurrekin, azken hamarkadatan ikastolek eta euskarak izan duten garapenaren erakusle. Iparraldeko ikastolak batzen dituen Seaska elkartean 5 kolegio daude. Iaz sotu zen azkena, Senpeeko Kattalin Elizalde.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión