Lazkao Txikiren babesean jaio zen Bertso-paper Lehiaketa. A.NÚÑEZ

Ordizia

Lazkao Txiki Bertso-paper Lehiaketa abian da

Argi Berri elkarteak 33. urtez antolatu du Joxe Miel Iztuetaren omenezko lehiaketa

Amaia Núñez

ordizia.

Lunes, 13 de mayo 2024, 20:55

Lazkao Txiki hil baino urtebete lehenago ekin zion Argi Berri elkarteak Bertso-paper Lehiaketari eta laster umezurtz geratu baziren, garai hartako Goierriko bertsolaririk ezagunena zenaren itzala zabaltzen jarraituko du elkarteak jada XXXII edizio beteko dituen lehiaketarekin.

Publicidad

Urtero bezala, hiru mailatan banatuko da lehiaketa oraingo honetan ere: gaztetxoen maila 13 urte artekoentzat, gazteen maila 14 eta 18 urte dituztenentzat, eta helduen maila 2004an edo aurretik jaiotakoentzat.

Parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidali ditzake lehiaketara. Gaztetxoek gutxienez bi eta gehienez 4 bertso idatzi beharko dituzte bertso-paper bakoitzeko. Gazte eta helduen mailatan, berriz, zortzi eta hamabi bertso artean eduki beharko ditu bertsopaper bakoitzak.

Maila guztietan neurria eta doinua libreak dira. Gazte eta helduen kasuan gaia ere librea izango da. Gaztetxoek 'Olinpiar jokoak badatoz' gaiaren inguruan idatzi beharko dute. Lanak Argi-Berri elkartera bidali beharko dira e-postaz bertsoakargiberri@gmail.com helbidera. Lanak uztailaren 1a aurretik bidali beharko dira.

Lan originalak

Lazkao Txiki Bertso-paper Lehiaketara bidaliko diren lanak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batean saritu gabekoak izan behar dute. Bertso-paper originalaz gain, beste lau kopia ere bidali beharko dituzte ohiko postaz bidaltzen dituztenek. Lanak izenordez bakarrik sinatuko dira, bertso sortaren barrenean jartzea gomendatzen dute, eta izenordearekin bakarrik bidali beharko dira. Izenorde horrek guztiz ezezaguna izan behar du. Bertso bakoitzari bere ordena-zenbakia jarriko zaio eta ezinbestekoa izango da sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztea.

Publicidad

Egilearen datu guztiak mezu bereko beste dokumentu batean bidali beharko dira. Izenordearekin batera, izena, jaiotze-data, helbidea, telefono zenbakia, e.a. adierazu beharko dira.

Maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuek jasoko dute saria. Garaileek 'Txiki' bana jasoko dute, eta horretaz gain, gaztetxoen mailan, lehen sailkatuak 200 euro eramango ditu, bigarrenak 100 eta hirugarrenak 50. Gazteen mailan, irabazleak 300 euro eramango ditu, bigarrenak 200 eta hirugarrenak 100. Helduen artean lehen sailkatuak 500 euro eramango ditu, bigarrenak 400 eta hirugarrenak 300. Antolakuntzak jakinarazten du diru-sariei legez dagozkien erretentzioak egingo zaizkiela.

Epaimahaia Argi Berri elkarteak antolatuko du Ordiziako Udalaren oniritziarekin eta aurrez jakinaraziko dute nortzuk osatua egongo den. Lan sarituen jabetza antolakuntzaren esku geratuko da eta argitaratzeko eskubidea izango du, hala nahi izanez gero. Egileak antolatzaileekin adostu beharko luke bere lanak bere kabuz argitaratzeko asmoa izango balu.

Publicidad

Bestelako informaziorik behar izanez gero 649 011 262 telefono zenbakira deitu beharko da. Sari-banaketa Ordiziako Euskal Jaien barruan egingo da irailaren 15ean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad