«Etxeko tradizioari eutsiko niola argi nuen»
Eli Elgarresta. Gurasoen bideari jarraituz, Baztarrika gazta ekoizten du baserrian senarrarekin batera, herriak ematen dion lasaitasunaz gozatuz
T
radizioa herentzian jaso eta bizitzen da, ez egun batetik bestera ikasten den zerbait. Hala azaltzen du Eli Elgarresta gaztagile gabiriarrak, bere gurasoek sortutako Baztarrika baserriko ... gaztaren tradizioari eusteko lanean jarduten duen bitartean. «Etxeko tradizio eta lanari jarraipena emango niola ez nuen sekula zalantzan jarri. Nire gurasoek lan handia egin dute gaur egun duguna lortzeko, eta ezin zen egun batetik bestera galdu. Amak alde batera pausoa emango zuela esan zidanean, nire senarrarekin batera gaztaren munuan guztiz murgiltzea erabaki nuen. Badira lan eta sakrifizio handiko uneak, dena utzi eta alde egiteko gogoa izan arren, gure bizitza da, eta merezi du», dio argi eta garbi.
Baserriko lanak etenik ez badu ere, Eliren hitzetan orain dela pare bat aste hasi zen, «lanari gogor eta gogotsu ekiteko garaia», arkumeak jaiotzen hasten baitira orain, eta horrek zaintza luzeak, lotarako ordu gutxi eta lan handia ekartzen ditu. «Nire senarra eta biok ondo antolatzen gara; jaiotza uneetan erne egon behar dugu, arkumeak arazo gabe jaiotzen direla eta esnea hartzen dutela ziurtatzeko. Bi edo hiru ordutik behin pasa behar izaten dugu pabiloira, denak ondo jarraitzen duela ikusteko. Gure seme-alabek eta amak asko laguntzen gaituzte, ezinbestekoak dira guretzat», dio.
Baina dena ez da lana, eta Elgarrestak eskertzen du Gabirian pasatzen duen denboraz gozatzea. «Gabiria leku perfektua da guretzat. Ekaina eta urria edo azaroa bitartean, herrian dugun etxean bizi gara, eta horrek bertako lasaitasunaz gozatzeko aukera ematen digu. Ez zaigu jendetza artean ibiltzea gustatzen eta trafikoak atzera botatzen gaitu, ez dugu batere atsegin. Udan eta opor garaian, ahalik eta gehien sahiesten ditugu horrelakoak, lasaitasunaz gozatzea gustatzen zaigu eta», onartzen du. Azaroa eta ekaina bitartean, familia Baztarrika baserrira mugitzen da (herrira igotzen den errepidean kokatua), eta han ardiak zaintzeaz gain, gazta ekoizten dute. «Etxeko txikiak kexatu egiten dira Baztarrikara joaten garenean, badakitelako lan egiteko ordua dela, baina ulertzen dute eta asko laguntzen digute», adierazten du.
Etxeko gazteek ere herriko lasaitasunaz gozatzen dute, nahiz eta batzuetan mugitu behar izaten duten eskolaz kanpoko jarduera edo beste zerbitzu batzuetaz gozatzeko. «Nire seme-alabak pozik bizi dira Gabirian, baina musika bezalako jardueretara joateko Legazpira joan behar izaten dugu, eta autobus gutxi dagoenez, gure autoan joan behar izaten dugu. Lanpetuta gaudenean, egia esan, nahiko astuna egiten zaigu», dio.
Irribarre batekin, Elgarrestak prest du dena jada datozen hilabeteetan Baztarrika baserrian burubelarri aritzeko, lan handiko asteak datozela jakitun, baina herrian egindako egonaldia ondo gozatu ostean. «Ahal dugun guztietan herrira igoko gara, hemen zoriontsu gara eta gure denbora gozatzen dugu», amaitzen du.
Horrelakoa da nire herria
- – Nola deskribatuko zenuke herria?
– Herri txiki eta lasai bat dela esango nuke.
- – Zer da Gabiriatik gehien gustatzen zaizuna?
– Nire ustez hoberena herritik ditugun bistak eta gazteek herrian duten lasaitasuna dira.
- - Eta gutxien gustatzen zaizuna?
– Esango nuke bertan bizitzeak duen alde negatibo bakarra autobusen maiztasun urria dela.
- – Gabirian txoko kuttunik ba al duzu?
– Bai noski, nire leku berezia plazan kokatzen den begiralekua dela esango nuke, bere banku eta bistekin.
(40 de 88)
Hurrengo igandean... Gaintza
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión