Elkarlanaren Kilometroak abian Goierrin
Euripean izan bada ere, KMKren 45. edizioa ospatzen ari dira Beasain, Ordizia eta Lazkaon
Oztopo guztien gainetik martxan da Kilometroak jaia Goierrin, Andramendi (Beasain), San Benito (Lazkao) eta Jakintza (Ordizia) ikastolek elkarlanean antolatuta. 'Batera, bagara, bat gara' lelopean, goizeko hamarretan eman zaio hasiera eguneko egitarauari Ordizian egin den ekitaldi ofizialarekin; alabaina, jarduerak hiru herrietan egongo dira, atzo bezalaxe. Hori bai, osasun egoerak eraginda, parte hartzeko ezinbestekoa da izena emanda egotea. Eguraldi ere ez dute alde izan eta aterpera eraman behar izan dituzte ekintzak, hala nola, Ordiziako Beti Alai frontoira, Lazkaoko kiroldegira, eta Beasaingo plazazpira eta Gernika pasealekuko frontoira.
Publicidad
Koronabirusak erabat baldintzaturiko edizioa izango da hauxe, Gipuzkoako ikastolen festaren 45.ena. Haren eraginez, antolatzaileek sei hilabete baino ez dituzte izan festa antolatzeko, ohikoa urte eta erdi izaten denean, eta ezin izan dute eragileekin nahi bezainbeste egon. Dena dela, aurten aukeraturiko leloari jarraituz, batera aritu dira hiru ikastoletako arduradunak eta, oro har hezkuntza komunitate osoa, bidean agertu zaizkien erronka guztiei aurre eginez, eta horri esker osaturiko lotura sendoak etorkizunean ere elkarrekin aritzeko baliatu ahal izango dituzte. Hori da bederen euren asmoa.
Sei hilabeteko elkarlan horren isla ere izan da Jakintza Ikastolako atarian, euri hotsak lagunduta, burutu den irekiera ekitaldia. Izan ere, hantxe parte hartu dute San Benito, Andra Mendi eta Jakintza ikastolako ikasleek bertso, koreografia eta dantzekin. Hantxe izan dira, baita ere, hiru ikastoletako lehendakariak, Leire Luengo (Jakintza), Ainhoa Garin (Andramendi) eta Iker Estensoro (San Benito) eta hiru herrietako alkateak, Adur Ezenarro (Ordizia), Leire Artola (Beasain) eta Kepa Zubiarrain (Lazkao), Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua eta Nekane Artola KMK Kultur Elkarteko lehendakariarekin batera.
Elkarlana izan da ekitaldian gehien aipatu den hitzetako bat, esker hitzekin batera; baina baita erronka ere, hezkuntzak oro har eta euskarazkoak bereziki aurrean dituen erronkak, hain zuzen.
Noticia Relacionada
Ibarrako Uzturpek antolatuko du 2022koa
Jokin Bildarratz sailburuak erreflexio garaia dela nabarmendu du: hezkuntza sistemak dituen indarguneak eta ahuleziak identifikatzeko eta azken hauei elkarrekin aurre egiteko. «Pandemiak erakutsi dugu erronkei elkarrekin aurre egitea errazagoa dela. Eta aurrean duguna handia da. Ez dezagun denbora galdu eztabaidetan. Lan egitea tokatzen da. Ezagutzen ditugu arazoak, orain irtenbideak bilatu behar dira. Eta horretan teknikariek, dakizuenek, alderdi politikoak alboan izango gaituzue».
Bide beretik aritu da Eider Mendoza diputatua ere. «Euskara bide-gurutzean dago. Gure seme-alabek gaztelerara jotzen dute askotan kalean eta egoera irauli egin behar da, ahaleginak indartu. Eta elkarrekin egin behar dugu, edo bestela jai dugu».
Publicidad
Nekane Artolak, bere aldetik, murgiltze ereduaren onurak eta euskal hezkuntza eredu propio baten beharra azpimarratu ditu, Kilometroak jaiari eusteko konpromisoa berretsiz. «Jai parte-hartzaileagoa, auzolanean egingo dena, euskal kultura oinarri hartuta, Gipuzkoako ikastola guztien artean antolatutakoa».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión