Beasain
Herritarron jakintza sarean, euskaraz eta mundura, Beasainpediaren eskutikAittu! Euskara Elkarteak sustatutako proiektuak Beasaini buruzko euskarazko edukiak zabaltzea eta herritarrak saretzea du xede
Igartza jauregiko aretoa jendez bete zen asteazkenean Beasainpedia proiektuaren aurkezpenean. Bertan izan ziren udal ordezkariak, Aittu! Euskara Elkarteko kideak, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko (EWKE) laguntzaileak eta hainbat herritar. Giro parte-hartzailean, azaldu zuten Beasainpedia egitasmoaren asmo nagusia: Beasaini buruzko informazioa euskarazko Wikipedian aberastea, bai kopuruari dagokionez, bai kalitateari dagokionez.
Publicidad
2024an sinatutako hitzarmen baten bidez, Aittu! Elkarteak hartu zuen proiektuaren koordinazio ardura, Udalaren laguntza eta EWKEren babesa jasoz. EWKEk, Euskal Wikilari boluntarioen elkarteak, behar den laguntza teknikoa eta formakuntza eskaintzen dio proiektuari.
Beasainpedia proiektuak euskararen normalizazioan urrats berria eman nahi du, hizkuntzaren presentzia digitala handituz. Gaur egun, bilaketa gehienak Wikipediatik elikatzen dira, eta baita adimen artifizialaren sistemek erabiltzen dituzten datu-iturriak ere.
Aittu! elkarteko ordezkariek gogorarazi zuten proiektua abiatu zutenean, Beasaini buruzko 200 artikulu baino gutxiago zeudela euskarazko Wikipedian. Gaur egun, artikulu kopurua handitzen ari da, herritarren, elkarteen eta ikastetxeen laguntzari esker. Beasainpedian egindako lanari esker, herriaren historia, kultura, ekonomia, geografia eta eguneroko bizitza euskaraz eta mundu osorako dokumentatzen ari dira.
Aittu!, proiektuaren muina
Aittu! Euskara Elkarteak bere jarduna hiru lan-ildo estrategikotan oinarritzen du, elkartea bera egituratzea, herriko euskalgintza egituratzea eta Goierriko euskalgintza sarekatzea.
Hiru helburu horien uztartzetik sortu da Beasainpedia. Proiektuaren muina herritarren parte-hartzea eta lankidetza dira. Horretarako, lanaldi osoko teknikari bat ari da proiektua gidatzen, herritarrei laguntza eskainiz Wikipedian lehen urratsak emateko, artikuluak sortzeko eta edukiak hobetzeko.
Publicidad
Elkarteak azaldu du Beasainpedia ez dela datu-bilketa hutsa, proiektu sozial eta komunitarioa dela, herritarrek euskararen normalizazioan aktiboki parte har dezaten. Euskararen erabilera kalean zein sarean sendotzea da helburua. Beasainpedia proiektuaren bihotza herritarren sarea da. Aittu! elkarteak herriko elkarte, talde eta norbanakoekin ari da lanean, euskararen normalizazioan eragiteko eta ezagutza partekatzeko. Wikipedian edukiak elkarrekin sortuz, beasaindarrek euren historia eta errealitatea kontatzeko aukera dute. Elkarteak adierazi du dagoeneko hogei elkarte ingururekin harremanetan daudela, eta beste hainbat batu nahi dituztela.
Helburua proiektu herrikoia izatea da, edonork parte har dezan, idazten, itzultzen, argazkiak igotzen edo erreferentziak osatzen. Parte hartu nahi duen orok harremanetan jar daiteke aittuherripedia@gmail.com helbidera idatziz edo 672 868 146 telefonora deituz.
Publicidad
«Wikipedia denona da, eta nor hobe gure herria kontatzeko beasaindarrak baino», azaldu zuten aurkezpenean. Kultura, kirola, politika, ekonomia edo aisia bezalako arloetan, beasaindarrek beraiek sortuko dute euren herriaren ahotsa sarean.
Proiektuaren beste zutabe nagusietako bat hezkuntza da. Beasainpedian, herriko ikastetxeekin ari dira elkarlanean, ikasleek euskarazko eduki erabilgarriak sortu eta zabaltzeko. Ikastetxe bakoitzaren behar kurrikularrak aztertu dituzte eta horien arabera osatu dute falta diren artikuluen zerrenda.
Publicidad
Helburua bikoitza da: batetik, ikasleek behar duten informazioa Wikipedian eskura egotea; bestetik, gazteek Wikipediaren erabilera aktiboa ikastea. Txikienek Txikipedian egiten dute lan, eta adin handiagokoek zuzenean Wikipedian.
Berdintasunaren arloan, Beasainpedian WikiEmakumeok ekimenarekin bat egin dute. Beasaingo emakume elkarteekin eta talde feministekin elkarlanean, emakume wikilari berriak prestatu nahi dituzte eta emakume beasaindarren inguruko artikuluak sortu, Wikipedia oraindik gizonen nagusitasunetik urrun dagoelako. «Gure herriko emakumeak historia ofizialean sar daitezen, guk idatzi behar ditugu haien istorioak», azaldu dute sustatzaileek.
Publicidad
Beasainpedian parte hartzeko moduak anitzak dira: testuak idaztea, irudiak Wikimedia Commonsera igotzea, itzulpenak egitea, zuzenketak egitea edo artikuluen erreferentziak osatzea.
Gainera, lau hilean behin, beasaindar baten biografia igoko da Wikipediara, eta horrekin batera omenaldi txiki bat egingo zaio, herritarren proposamenetan oinarrituta. Ekimen sinboliko horren bidez, proiektuak lotura estua mantendu nahi du herriaren eguneroko bizitzarekin.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión