Ane Egues: «Atentzioa ematen du gu arraunean ikusteak»
Elduain. Kuriositateak bultzatuta hasi zen Tolosaldeko Arraun Klubean elduaindarra eta hamarkada bat geroago lehen mailara iritsi dira
Domingo, 29 de septiembre 2024, 07:16
I
tsasotik 20 kilometrora dago Elduain. Elduarain erreka Oria ibaian isurtzen bada ere, zuhaitz eta adar txikiak bakarrik nabigatzen dute bertan eta, hala eta guztiz ere, ... goi mailan aritzen den arraunlari bat bada herrian. Ane Egues duela hamar urte inguru hasi zen arraunean, kirol berri bat probatzeko ideiarekin, «kuriositate» hutsagatik. 23 urterekin, Kontxako Banderan lehiatu du denboraldi honetan, besteak beste, Tolosadea Arraun Klubarekin.
Eskualdean arraunak hartu duen indarraren erakusgarrietako bat da eta duela hamarkada batzuk Tolosan kirol honek sustatzen zuen zaletasunari jarraipena ematen diote TAKeko arraunlari gazteek. Ia hogei urte bete dira garai bateko batel lehiaketak berreskuratu zirenetik eta berriro goi mailako arraunlarien harrobi da eskualdea. Horren erakusgarri da Ane Egues. Kirola du zaletasun eta modalitate berriak probatzeko asmoz iritsi zen arraunera. Gaztetxoa zela hasi zen, oraindik argi ez dituen arrazoiengatik. «Tolosan beti kusten genituen batelak ibaian entrenatzen. Nik kirolen batean nahi nuen hasi, ez neukan garbi zer nahi nuen egin eta kuriositatea sortzen zidan», azaltzen du. Argi dauka Tolosaldea bezalako barnealdeko eskualde batean, arrauna ez dela «asko ikusten» den kirol bat. Oraindik ere atentzioa sortzen du Zerkausi inguruan entrenatzen ikusteak. Etxekoak animatuta, «esan zidaten apuntatzeko aukera zegoela», probatzeko ideia buruan zuela hasi zen. Hamarkada bat geroago, bertan jarrai-tzen du, gogotsu.
Gizarte Langintza ikasketak amaitu berritan eta lan munduan murgiltzeko zain, arraunaren gogortasuna talde giroak leuntzen duela onartzen du. «Arrauna kirol oso gogorra da eta gauza asko sakrifikatu ditugu hor egoteko. Batez ere udan, denboraldia udan egiten baitugu. Esango nuke jarraitzeko indarra eman didan gauza garrantzitsuena taldekideak direla».
Denboraldi honetan, Tolosaldea Arraun Klubeko hemeretzi arraunlarietatik hamar eskualdeko herrietakoak ziren, eta gainontzekoen artean, bost bakarrik kostaldeko herrietakoak. Aurten emakumeen traineruak hirugarren denboraldia izan du Eusko Tren Ligan eta maila goreneko uretan ere ondo moldatzen direla erakutsi dute. «Lehenengo ligara igotzea lortu genuen eta muturra sartu dugu ohorezko txandan. Postu onak ari gara egiten», dio pozik amaitzear dagoen sasoi honetaz, Ligan lortutako bigarren postuaz eta Kontxako Banderan egindako laugarrenaz harro.
Ez da edonolako marka itsasoa «urruti» duen eskuldea izanik. «Itsasoa mendi puntatik soilik ikusten duen herri txiki batekoa izanik arraunean aritzeak harrituta uzten ditu asko», onartzen du Anek, baina bera ez da hartutako erabakiaz damutzen. Ingurukoen babesa ere garrantzitsua da, zalantzarik gabe. «Herrian eta etxean esaten didate segitzeko horretan eta ahal den eta urrutien iristeko». Horretan dabil elduaindar gaztea.
Nire herria
- Nolakoa da Elduain?
– Oso herri politta, txikia eta, esango nuke, familia bat dela.
- Zer da Elduainen bizitzearen onena?
– Herrian dagoen lasaitasuna.
- - Eta txarrena?
– Urruti geratzen dela askotan, nahi baino urrutiago.
- – Zein da herriko leku kuttunena?
– Mendia, edozein txoko mendian dagoena.
(34 de 88)
Hurrengo igandean... Elgeta
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión