Jatetxe bateko arduraduna agiria egiaztatzen. Atzealdean, musukorik gabeko bezeroak. EFE/ LUIS TEJIDO
Hemen, seigarren olatuan

Ziurtagiria

Nik baino gehiago dakitenek ziurtagiria balekoa dela badiote, balekotzat joko dut 'pasea', beste neurri batzuk baztertzeko edo atzeratzeko baliatzen ez den bitartean

Covid-aren aurkako txertoaren hiru dosi dauzkat jarrita, eta hori horrela dela egiaztatzen duen agiria sakelakoan. Ez dut uste bereziki ergela naizenik, ez dut uste bereziki manipulagarria naizenik. Gai hauei buruz ezjakinok eta iluminatuek baino gehiago dakitenei kasu egin diet, zentzuzkoak iruditu zaizkidan erabakiak hartu ditut, eta kito.

Publicidad

Herritar askok eta askok bezala, 647 egun daramatzat Iñigo Urkullu lehendakariak berriro eskatu digun «konpromisoa eta elkartasuna» txintxo-txintxo eta konbentzimendu osoz praktikatzen. Momenturen batzuetan, aitortu beharra daukat, obsesiboki, loezinaren mugaraino, antsietatearen ertzetaraino, ingurukoak seko gogaitzeraino. Arduraz jokatzen ahalegindu naiz, alegia. Baina ardura kezka ere bada, eta ez bakarrik sinonimoen hiztegian.

Une honetan baditut zenbait kezka nagusi eta mendeko ardura dezente. Nagusiak zerikusia du ziurtagiri edo pasaportearen glorifikazioarekin, eta horrek izan ditzakeen ondorioekin. Nik baino gehiago dakitenek ziurtagiria balekoa dela esan badute, balekotzat joko dut, nahiz eta txertatuok kutsatzeko eta kutsatuak izateko gaitasuna dugula jakiteak puntu dezente kendu dizkion, nire kasuan, pasaportearen ustezko segurtasun bermearen efektu lasaigarriari.

«Testak areagotzea eta kontaktuen jarraipena indartzea» gakoa da Omicron aldaerari aurre egiteko

Zalantzak ere baditut. Eta kasinoko erruletan 'dena gorrira' esango genukeen bezala 'dena ziurtagirira' esatea ez balitz munduko ideiarik onena, ez bada txertaketa bizkortzeko? Eta, izanda ere, apustu irmo hori ba ote da arrazoi nahikoa beste neurri batzuk baztertzeko, gutxiesteko edo atzeratzeko?

ECDPCk, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak, neurri-sorta luzea proposatu du Omicron aldagaiaren hedapen azkarra dela eta azteazkenean kaleratutako dokumentuan. Eredu matematikoen arabera hurrengo asteetarako aurreikusten duten aldagai kutsagarriago horren nagusitzeari aurre egiteko, txertaketa nahikoa ez dela esateaz gain –ez txertoak ez direlako eraginkorrak baizik eta, aitzitik, EB osoko txertaketa datuak aintzat hartuta, «denborarik ez dagoelako oraindik dauden txertaketa-arrailei aurre egiteko»–, hainbat jarraibide nabarmendu ditu.

Publicidad

Ziurtagiria ez dago horien artean. Honako hauek, bai: «Arlo publiko eta pribatuan jende pilaketa handiak saihestea; taldeen arteko harremanak murriztea; telelana; testak areagotzea eta kontaktuen jarraipena indartzea». «Geruza askotakoa» izan behar duen estrategiaren erdi-erdian txertaketa jarri dute. Osasun sistemen indartzea ere bai, eta kutsatuen hurbileko kontatuen jarraipen estua.

Gomendioen artean daude jende pilaketak saihestea, taldeen arteko harremanak murriztea eta telelana

«Kontaktuen jarraipenari lehentasuna eman behar zaio Omicron aldagaiak eragindako infekzio kasuak antzemateko, txertaketa-egoerari jaramon egin gabe, modu ahalik eta egoki eta osatuenean», adierazi dute.

Publicidad

Ez dakit noraino datorren bat oharpen hori «txertatuta bazaude, hurbileko kontaktua izan arren segi betiko martxan. Jarriko dira zurekin harremanetan aztarnariak» praktikarekin. Batzuetan jarriko dira, seguru. Bestela, antigeno test baterako hitzordua SMS bidez, zortzi edo bederatzi egunen buruan.

Datuek esango dute –bide batez, ez al da iritsi datuak beste era batera irakurri eta kontatzen hasteko garaia?– norainokoa den ziurtagiriaren eraginkortasuna. Epe laburrean ikusten bada transmisioa moteldu duela, asko poztuko naiz. Hala ere, uste dut balantzea egiteko orduan 'paseak' hainbat lagunarte eta familiatara eraman duen tentsioaren kostua ere hartu beharko genukeela kontuan. Hori ere bada pandemiaren eragin ugarietako bat. Nire kezka ugarietako bat ere bada.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad