Taupak mintzodromoa antolatuko du 60. Durangoko Azokaren asteburuan
Ostiralean ibiltaria izango da, larunbatean Hika Eguna ospatuko da eta igandean mintzalagunen topaketak beteko du egitaraua
Musika, liburuak, ikus-entzunezkoak, aurkezpenak, zuzenekoak, erakusmahaiak? Erreklamo ugari ditu Durangoko Azokak urtero, eta hala izango da datorren abenduaren 5etik 8ra izango den 60. edizioan ere. Ez da baldean izendatzen euskal kulturaren plaza bezala. Bide horretan, hitz egitea bera ere badelako pauso garrantzitsua eta funtsezkoa, Taupa Mugimenduak mintzodromoa antolatuko du aste-bukaeran, zehazki 5etik 7ra. «Bakoitza bere taldeko partaide da eta bere herriko mintzapraktika egitasmoko kide, baina askotan, zaila da Euskal Herri mailan dagoen komunitate zabal hori irudikatzea», adierazi dute.
Publicidad
Urritik dira martxan mintzapraktika taldeak Euskal Herriko txoko ezberdinetan, orotara 8.000 bat lagun mugituz urtero. «Mahai baten bueltan edo mendian edo eskalada egiten, kontua euskaraz aritzeko gune eta uneak eskaintzea da, bakoitzak dituen helburuak betetzeko aukerak sortzea», oroitu dute.
Hala, Zirhika taldearekin elkarlanean eta AEK, IKA, Jalgi Hadi Mundura eta Mintzaneten laguntzarekin hainbat deialdi egingo dira. Lehena, estreinako egunean. Ikasle goizaren baitan, mintzodromo ibiltaria eskainiko zaie bertaratzen diren gazteei. Musikaz lagunduta Durangoko txoko batetik bestera mugituko dira, geldialdi bakoitzean taldekatu eta proposatutako gaien inguruko hizketaldiak sortuz.
Larunbatean, abenduaren 6an, Zirhika taldearen eskutik, Hika Eguna ospatuko da. Bertako hikadromoan hitanoa hobeto ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute parte hartzaileek eta amaiera paregabea emango zaio egunari Andoni Egaña eta Amaia Agirrek eskainiko duten bertso saioarekin.
Azkenik, igandean, abenduaren 7an, Taupak antolatutako Euskal Herriko mintzalagunen topaketak beteko du egitaraua. Mintzapraktikan dabiltzan lagunei Durangora gerturatzeko gonbita luzatzeaz gain, egitasmoa gertutik ezagutzeko interesa duen edozein bertaratzera animatu nahi Taupatik.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión