Gertatzen ari diren gauzak (2)
Gaixotasunari iskin egitea lortu badugu ere, gure gorputzak ez dira orain dela urtebetekoak. Luze gabe aldaketen ondorioak igarriko ditugulakoan nago
Orain dela urtebeteko hura bera zara, edo bestelakotu zara, nolabait? Hamabi hilabeteren buruan normaltzat jo daitezkeen aldaketez gain, igarri duzu besteren bat? Aldaketa fisikoez ari naiz, itxuraldatze morfologikoez, gehienok tristeago, nekatuago, gogaituago eta etsituago gaudela gauza jakina baita. Horrek ere izango du eragina gu guztiongan, baina oraingoz ez dira gehiegi nabarmentzen ispiluan.
Publicidad
Baten batzuek, Covid-19a gaindituta, gaitzaren ondorio fisikoak pairatzen jarraituko dute, egunero nabarituko dute arrastaka eraman behar duten kate astun bat izango balitz bezala gautzak gorputzean utzi dien arrastoa. Izango dira, jakina, eritasuna arazo handirik edo sintomarik gabe igaro duten eta, horrenbestez, odolean birusari aurre egiteko gai diren antigorputz eta defentsak dituztenak. Txertoak denak berdintzen ez gaituen artean, gama altuko izakiak direla esango nuke. Horietakoren bat gertu edukitzea komeni da, arriskua handixeagoa izan daitekeen tokietara bidaltzeko; ilara handiek egiten diren lekuetara; enkarguak egitera...
Galderaren hartzailea, edonola ere, orain arte koronabirusari iskin egitea lortu duena da. Zorte hori izan duena, ez baita lorpen edo meritu kontua. Izan ere, talde zabal horretan gaudenon gorputzak eta gorputzarekiko ohiturak ere joan dira aldatzen azken hilabete hauetan. Ez direnez izan aldaketa larriak, are gutxiago dramatikoak, ez zaie anekdotaz haragoko garrantzirik ematen; munta handiagoko akontezimendu handien itzalpean gertatzen ari diren beste gauza ustez txikien multzoan daude. Hala ere, luze gabe aldaketa ezdeus horien ondorioak igartzen hasiko garelakoan nago.
Gorputzak eta gorputzarekiko ohiturak ere joan dira aldatzen azken hilabete hauetan
Beste pandemia batzuetan ez bezala, gorputz garaileen irudiak hobesten dira, besteak lausotuz
Badaude salbuespenak, espero dezagun asko izatea, baina orain dela urtebete –ze ariketa bitxia, 2020ko otsailaren 3ko periodikoa berreskuratzea– Gipuzkoako komunitate txinatarraren autokonfinamenduari bekaina altxatuta begiratzen genionok ez gara pertsona hobeak izango ataka honetatik irtetean. Pertsona lodixeagoak bai, ordea.
Ipsos enpresak orain dela hamar bat egun zabaldu zuen berriaren arabera, batez besteko loditzea 5,7 kilokoa izan da Espainiako estatuan, non 10 lagunetik lauk esan duten multzo horretan daudela. Kopuru horretara iristeko kiloren bat (edo batzuk) falta bazaizkizue, ez kezkatu, besteren batzuk hartu ditugu. Esku (eta gerri) onetan daude.
Publicidad
Elastiko zabaletan eta praka gomadunetan babestu direnekin batera, nahi edo behar beste kirola egiteko modurik ez dutenak daude, irrika batean horiek ere. Inkesta berean, %24k esan dute ariketa fisiko gehiago ari direla egiten; justu kontrakoa adierazi dute beste horrenbestek.
Hemen, dakidala, ez gara puntu horretara iritsi, baina gimnasioak itxita dauden Frantzian festa klandestinoak ez ezik gimnasio klandestino ugari ari dira atzematen, orain dela 100 urte, lege lehorraren garaian, New Yorken eta Chicagon atzematen zituzten taberna-zuloen pare.
Publicidad
Zer pentsatua eman beharko luketen beste aldaketa nabarmen batzuk dira «ile zuria ederra da» mugimendu zabala, BEZ altuarekin eta etxetik gutxi irtetearekin batera ile-apaintzaileen itolarria areagotzen ari den joera, eta aulki eta baldintza desegokietan telelanean aritzearen ondorioz askori aterako zaigun bufalo-konkorra.
Gaixotasunaren edo gaixotasuna saihesteko hartzen ari garen neurrien ondorioz aldatzen ari diren gorputzen inguruan badut, ordea, osasun fisikoarekin eta estetikarekin zeharkako harremana baino ez duen kezka bat. Covid-19aren 'gorpuzteari' dagokio, eta beste pandemia bat dakarkit gogora, hainbatek sortzen, goia jotzen eta kronifikatzen ikusi dugun hiesarena.
Publicidad
Garai batean estigma ere bazen gaixotasunak suntsitutako aurpegi eta gorputzak modu oso gordinean erakutsi ohi ziren, 'haiek' ikusteak 'gu' asko lasaituko balitu bezala. Orain, berriz, gorputz garaileen irudiak hobesten dira, ZIUetatik txalo artean irteten direnenak, kasu. Han dauden bitartean, aurpegirik gabeko irudi kabledun eta lausotuak dira. Ez zait gaizki iruditzen, baina zerbait esan nahi duela uste dut.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión