'Testuak eta aldaerak aztergai'

Euskararen Historiari buruzko Nazioarteko I. Kongresua, gaurtik osteguna arte

'Testuak eta aldaerak aztergai' izenburupean izango da Gasteizen

DV

Martes, 25 de noviembre 2025, 12:50

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arabako Campusean Euskararen Historiari buruzko Nazioarteko I. Kongresua egingo da, 'Testuak eta aldaerak aztergai' izenburupean. EHUren Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko Monumenta Linguae Vasconum ikertaldeak antolatuta, Letren Fakultatean eta Micaela Portilla Ikergunean izango ditu egoitzak. Kongresu honek Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babesa du.

Publicidad

Biltzarra azaroaren 25etik 27ra egingo da, eta hainbat unibertsitate eta herrialdetako adituak bilduko ditu. Helburua da euskal testuekin, euskararen aldaerekin eta euskararen historiarekin lotutako azken orduko ikerketak partekatu eta eztabaidatzea. Izan ere, azken hamarkadotan euskara aztergai duen hizkuntzalaritza historikoa ikuspegi teoriko berrietan barneratu da, eta, aldi berean, testu aurkitu berriek ere ezagutzan sakontzea ahalbidetu dute. Bi alderdi horiek euskararen historiaren ulermenean aurrerapauso handiak ekarri dituzte, eta horren erakusgarri izango da biltzarra: hainbat unibertsitate eta herrialdetako berrogeita hamar partaidetik gora arituko dira hiru egunez, goizeko eta arratsaldeko saioetan, beren ekarpenak aurkezten. Horien artean, bi hizlari gonbidatu, José Ignacio Hualde (University of Illinois at Urbana-Champaign) eta Juan José Larrea (EHU).

Biltzarra antolatzeko data ez da zeinahi, bat egingo baitu Donemiliagako goldea delako agiriaren milurtekoarekin (1025-2025). Donemiliaga Kukulako monasterioari lotutako agiria da goldea eta, besteak beste, Arabako hirurehun herriren baino gehiagoren izenak dakartza: XI. mendean Araban hitz egiten zen euskararen erakusgarri paregabea da. Hain zuzen, biltzarrak testu horren berorren testuinguru historikoa eta interpretazio linguistiko-filologikoaz aritzeko aukera ekarriko du, baina ez da horretara mugatuko: Donemiliagako goldea ez ezik, Erdi Aroko beste lekukotasun batzuk, euskararen eta iberieraren arteko ustezko loturak, euskalkien jatorria eta bilakabidea, zenbait euskal testuren ekoizpen-baldintzak eta berezitasun linguistikoak, euskal gramatika historikoa… ere aztergai izango dituzte biltzarrean, egitarauan ikus daitezkeenez.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad