Euskara «larrialditik ateratzeko bide-orria»

Kontseiluak hainbat eragileren irakurketa aurkeztu du Euskararen Egunaren atarian eta abenduaren 27an «euskaltzaletasunaren indar eta batasunaren erakustaldia egitera» deitu

Jon Agirre

Donostia

Martes, 2 de diciembre 2025, 13:25

Ikusten ez dena, ez da. Leitmotiv hori argi izanik, Euskalgintzaren Kontseiluak euskara «lehen lerrora» ekartzea aldarrikatu du hizkuntzak bizi duen «kinka larriari» erantzuteko. «Euskaltzaletasuna indartzera» deitu dute eta, bide horretan abenduaren 27an konbokatutako ekitaldira bertaratzekoa Pizkunde berri baten «lehen txinparta» bihur dadin eta «etorkizuna bermatzeko, luzamendu gehiagorik gabe jauzia emateko». «Gizarte eragileak horretan ari gara. Milaka herritar sumatzen ditugu horretarako prest. Eta, orain urtebete esan genuen bezala, indar politikoek eta, bereziki, instituzioek beren erantzukizun eta eragin gaitasunetik euskara lehen lerrora ekartzea eta euskaltzaletasunera lerratzea ezinbestekoa da», oroitu du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Publicidad

Agerraldian Eskisabelek Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkariek adierazpen bateratua irakurri du Bilbon egindako agerraldian. 2024ko Euskararen Egunaren testuinguruan adierazitako larrialdi linguistikoaren diagnostikoa berrestearekin batera, euskararen biziberritzeko prozesuaren erronka nagusiak zerrendatu ditu Kontseiluak, larrialditik indarraldira bidea martxan jartzeko adierazitako konpromisotik abiatuta: hizkuntza politiketan jauzi bat bultzatzea, eta euskaltzaletasuna indartzea.

Lehenengoari dagokionez, irailean aurkeztu zuen adostasun zabaleko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza, hizkuntza-politiketan luzamendurik gabe eman beharreko jauzia edukiz betetzen duen proposamena, erakunde publikoei, indar politikoei eta eragile sozialei zuzendutakoa. «Euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko zumeak jartzen dituen proposamen» harekin Euskal Herri osoko 130etik gora gizarte eragilek egin dute bat.

«Horien denen artean jositako akordio soziopolitiko berrirako proposamenean argi jasotzen dira zeintzuk diren euskararen normalizazioan aurrera egiteko ez ezik, gure gizartean hizkuntzaren inguruan ditugun korapiloak askatzeko bi gakoak: batetik, etorkizunean herritar denek euskararen jabe izango diren gizarte baterako zumeak jartzea. Bestetik, erabileran eragitea, normal erabiltzeko eremuak sortuz, garatuz eta hedatuz».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad