Esperantzara kondenatuak
Itxaropena ·
Geure erronkei heltzeko ezinbesteko osagaia, zailtasunei aurre egitera bultzatzen gaituena, oztopoak gainditzera, bidearen amaierako sariak esfortzu oro merezi duelakoanPalestina
Agindutakoaren hauskortasunak dakarren mesfidantza
Infernutik ateratzeko aukera ikusita, itxaropenez hartu dute, nola ez, Gazan eta Palestina osoan AEBek bultzatutako akordioaren onespena, baita bonba hotsak isildu aurretik ere. Itxaropentsu eta mesfidati, gerora bete ez diren aginduetara ohituta. Ordu eta egun erabakigarriak izango dira datozenak -gatibu eta presoen askapena denon miran- eta urrats oro tentuz hartu eta aztertuko da. Bakea bermatzea, sarraskia behin betiko geldiaraztea premiazkoa izaki, suntsitutako hori nola berreraiki, nola berreskuratu, bizitza nola berpiztu ere erabakigarria izango da. Nola, nork, noiz, norekin, norentzat. Finean, Israelgo gobernuak bake prozesuaren lehen fasea onartu baitu. Bidea malkartsua izango dela gutxik jartzen dute zalantzan. Helmuga egokira eraman gaitzala, bederen.
Publicidad
Ternua Group
Negozioaren geroa babestuta, enpleguen bermearen zain
Ekainean jakin genuen Ternua Group hartzekodunen konkurtsoan sartu zela, 16 milioiren zorrari aurre egin ezinik zebilelako. 180 langile zituen orduan enpresak, euren lanpostua kinka larrian ikusi zutenak. Bada, orduan baino itxaropentsuago egoteko argudiorik izango lukete orain. Izan ere, asteon jakin dugu Arrasateko Dikar kooperatibak Ternua erosi duela eta azaldu du enplegua babestuko duela, datuak eman ez dituen arren. Prozesu konplexu honen barruan, beste pauso garrantzitsu bat ere eman da, gainera, Ternua Group-en barruan dagoen Loreak Mendian markak ere bere aldetik badu-eta kasu honetan eta hark lanpostuak bermatuko dituela esan du. Onerako izan dadila.
Etxebizitza
Legearen egiazko eragina zenbaterainokoa izango den ikusteke
Alokairuaren erreferentzia-prezioen indizea indarrean sartu izanak itxaropena sortu du Gipuzkoan alokairuan bizi diren pertsona askorengan. Izan ere, horren arabera tentsioan dauden eremuetan -Donostia, Irun, Errenteria, Zumaia eta Lasarte-Oria dira ofizialki tentsionatutako eremuak oraingoz- beren etxebizitzengatik erreklamatu ditzaketen gehieneko zenbatekoak finkatzen dira. Alabaina, prezioen mugak noiz eta non aplikatu behar diren zalantza ugari sortu dira eta lehen azalpenak ez dira itxaropentsuenak. Eusko Jaurlaritzak orain onartu du prezioen mugak ez diela eragingo indarrean dauden edukitzaile handien alokairuei. Ikusteko dago, beraz, benetako eragina zenbaiterainokoa izango den.
Alzheimerra
Ikerkuntzaren eskutik dator beti gaitzei aurre egiteko erreminta
Laborategietatik iritsi zaigu beste behin itxaropenerako bidea. Kataluniako, Txinako eta Erresuma Batuko ikerketa-talde batek nanoteknologian oinarritutako estrategia bati esker, saguetan alzheimer gaitza lehengoratzea lortu du. Halako albiste oro bezalaxe, hau ere zuhurtziaz hartu behar bada ere, tratamendu eraginkor baterako bidean urrats oso garrantzitsutzat jo da, eta hori beti da lagungarria kontuan izanik Euskal Herrian, alzheimerra dela dementziaren kausa nagusia 65 urtetik gorakoen artean. Eta Gipuzkoan bakarrik 13.000 lagun ingururi (eta beste horrenbeste familiari) eragiten diela. Ikertzaileen ekarpena aldarrikatzea baino ez zaigu geratzen hemendik.
Reala
Joerari buelta emateko ezinbestekoa den konpromisoaren aldarria
Itxaropenez. Hala ikusi nahiko lukete realzaleek taldearen etorkizuna, baina horretarako argudioak topatzea ez da hain erraza suertatzen ari. Ezkorrenak ere ez zuen honelako denboraldi hasierarik aurreikusten, baina mamuak uxatu ezinik gabiltza denok. Klubak nolabaiteko lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du asteon hiru kontratu berrituz, eta harrobian konfiantza duela berretsiz. Entrenatzailea miran, erronka jokalariena beraiena da, eta horretarako hitzez diotena zelaian ere erakutsi beharko dute, denak konprometituta daudela, alegia.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión