Emozioen mendi suitzarra
Txerto eraginkor baten iragarpenak arnasa eman dio itxaropenari eta bultzada galanta burtsei. Gaur gora egitea tokatzen zaigu, hau egina zagok!
Aurreneko alarma egoeraren zortzigarren hilabeteurrenaren atarian gaude. Hitza ez dut aurkitu Ehuyar hiztegian, Euskaltzaindiaren Hiztegian ere ez, baina larrialdiek zirkulazio-kodea urratzeko baimena ematen duten bezala, Euskaltzaindiak salbuespenezko klausula bat jarri beharko luke, edo etiketa bat –'behin-behineko premiazko hitza', adibidez– hiztegietara iritsi gabe dauden hitz premiazkoen erabilera bedeinkatzeko.
Publicidad
'Hilabeteurren', beraz, nire buruari aitortu diodan salbuespenezko erregimen horren pean erabiliko dut, bizi dugu bolada malapartatu hau urteka kalkulatzea pentsaezina iruditzen baitzait. Merkurioko 88 eguneko urtera egokituko nintzateke gehienez ere, baina Lurreko urteak dituen 365 egunak gehiegi dira denbora neurtzeko gora eta behera garamatzan mendi suitzar honetan. (Kalkulu tranpatia da, badakit, baina kontsolatzen nauen edozein gauza ontzat ematen dut, tranpak, gezur txikiak eta probatu gabe neuzkan edabeak barne).
Zortzi hilabete. Ez da txantxa. Gogoratzen ditut urte laburragoak Merkuriora joan gabe. Jaiotzen hasiak dira honezkero orduan sortutako haurrik presatuenak. Maskaraz betetako argazkietan islatuko dira haien lehen hilabeteak. Arropa soberan edukiko dute, luzitzeko aukera faltan. Norbaitek kontatu beharko die zein egoeratan atera zitzaien aurreneko hortza; non –parkean ez, seguruenik– jan zituzten aurreneko frutak... Askori gauza tristeagoak ere kontatu beharko dizkiete garaia heltzerakoan.
«Haurrei esan beharko die norbaitek zergatik ukatu zitzaizkien txirristak, lagunen besarkadak, mimoak...»«Ohitu gara emozioen mendi suitzarrean bizitzen. Eroso gaude aurreko barrari fuerte heldu eta begiak itxita»
Azken zortzi hilabeteotan bi, bost, hamar urte bete dituzten neska-mutikoei ere esan beharko die norbaitek nola eta zergatik ukatu zitzaizkien txintxak eta txirristak, lagunen besarkadak, hurbil-hurbilekoak ez zituztenen mimoak; zergatik ikasi behar izan zuten «hori nire burbuilakoa da» eta «mugimendu librea tokatu zaigu» bezain gauza antinaturalak esaten. 'Errelato' hori osatzen eta prestatzen joatea ezinbestekoa delakoan nago, baina ez daukat esperantza handirik. Ahazten hasteko gogo handiegia daukagu gauza itsusi horiekin eta hilabeteurrenekin akordatzeko.
Izan ere, Covid iraunkorra ez da memoria arazoak sorrarazten ari den gaitz bakarra. Nik gauzak segituan ahazten zituen Dory arrain haren antzekoa dut memoria. Horregatik daramatzat zortzi hilabete buletinak deskargatzen eta tarteka begiratzen; ahanztura nahiago luketen baina merezi ez duten esaldi eta esaleak artxibatzen; anabasan mugitzen laguntzen didaten zenbait txiolariren txio eta hariak gordetzen eta, haien lan ikaragarriari esker, noizbehinka zortzi hilabeteotako bidaia berregiten.
Publicidad
Baina asko ikusten ditut 'bizi momentua' horretan zeharo murgilduta. Gaur, gaurkoa; bihar, auskalo. Atzokoa? Zertarako? «Adarra ez diezaguten bitan eta hirutan jo aurrenekoan jo ziguten bezala» erantzunari ez diote kaso handirik egiten. Inork jaramon egiten ez dion pelma horietako bat ote naiz?
Honen guztiaren hasieran baziren estoikoez eta horrelakoez hitz egiten zutenak, baina uste dut ohitu garela –ni ez, baina nire adaptazio gaitasuna asko hobetu daiteke– emozioen mendi suitzarrean bizitzen. Eroso gaude aurreko barrari fuerte heldu eta begiak itxita. Grafikoek eta grafikoei forma ematen dieten datu/gertaerek marrazten digute ibilbide-orria, haiek moldatzen dute gure aldartea. Eta informatiboetako aurkezleen aurpegi eta tonuek.
Publicidad
Atzo euforiko samar ikusi nituen. Hainbat erkidegotan ari dira itxuraz bigarren olatuaren gailurra apaltzen. Hildako mordo bat falta da lautadara iristeko –neurriak lehenago hartu izan balira baino zenbat hildako gehiago, bide batez?–, baina gorritik laranjara igarotzeak, 100.000ko 500 majikora hurbiltzen hasteak edo 1 kabalistiko hori gero eta gertuago ikusteak lasaitu egiten gaitu. Gezurra dirudi.
Eta, gainera, Pfizer eta BioNTech-en txertoa eraginkorra dela diote. Ibex 35ak azken mendeko igoera handiena izan du. Itxuraz jendea prest dago 2021eko oporretan pentsatzen hasteko, horregatik igo dira turismoari lotutako baloreak. Ze subidoia! Hau egina zagok! Zortzigarren hilabetezer? Utikan! Zertarako akordatu iraganarekin? Askoz ere zirragarriagoa da mendi suitzarra.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión