Koldo Tellitu, Santiago de Compostelan egin duten agerraldian.

«LOMLOE legeak LOMCE hobetzen du, baina ez da nahikoa»

Ikastolen Elkarteko eta Galiziako Semente eskoletako ordezkariek LOMLOE legearen inguruko analisi partekatua egin dute

Sábado, 6 de marzo 2021, 16:37

Ikastolen Elkarteko eta Galiziako Semente eskoletako ordezkariek, Santiago de Compostelan egindako agerraldian, LOMLOE legearen inguruko analisi partekatua aurkeztu dute. Bertan hitza hartu dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Semente eskoletako koordinatzaile Santi Quirogak, eta adierazi dute, legea alde askotatik baloratu ondoren, «oro har, LOMLOE legea LOMCE kualitatiboki zuzendu eta hobetzen duen legea dela», baina «ez dela nahikoa gure hezkuntza-sistemak ikuspegi humanistiko, laiko, zientifiko eta demokratiko batetik eraikitzeko».

Publicidad

Izan ere, LOMCE bezala, LOMLOE lege organikoa da. Horrenbestez, artikuluen zati batean jasotakoa «errespetatu egin behar dute beraien Autonomia Erkidegoek eskumenak gauzatzerakoan».

Ondorioz, «LOMLOEren aipatutako artikuluek baldintzatuko dute bai Galiziako bai Euskal Herriko nazioetako hezkuntza-lege propioak idaztea edo lantzea, bai bakoitzaren gobernuen erabakitzeko ahalmena, eta, beraz, haien eskumenak mugatuta geratuko dira». 5. artikuluan, esate baterako, «hezkuntza-arloko eskumenen banaketa ezartzen da, eta ia bere horretan mantentzen da LOMCEn izan zuen idazketa, eta Espainiako Estatuari gordetzen zaizkio hezkuntza-sistema eratzeko elementu garrantzitsuenak».

Hala, «curriculumetako oinarrizko elementuei buruz erabakitzea galarazten zaigu, eta agerian geratzen da, berriz ere, gure herriek hezkuntza-sistema propio, berritzaile, ekitatibo eta kalitatezkoa eraikitzeko dituzten zailtasunak». Hizkuntza propioa duten erkidegoetan beraien eskuetan gelditzen da curriculumaren %55aren zehaztapena, «alegia %5 gehiago aurreko legeetan ezarritakoa baino. «Hala ere -diote-, beharrezkoa litzateke eskumen juridiko berriak eta zabalduak izatea, gure hezkuntzasistemak planifikatzeko eta kudeatzeko beharrezkoa den subiranotasun politikoa bermatzeko».

Onartzen dute «arlo pedagogikoan LOMCEren planteamendu atzerakoiekin alderatuta aurrerapauso txiki batzuk» ematen direla, baina protagonismo handia duten 'digitalizazioa', 'jasangarritasuna' eta 'inklusibitatea' bezalako kontzeptuei atxikitako «helburuen sustapen eta garapenerako neurri eta zehaztapen inguruko ezer ez du aipatzen».

Beste hiru eremutan ere «ez da behar bezala aurrera egin, behintzat ez nahi izango genukeen bezala». Lehenengoa «Batxilergoaren plangintzari eta Unibertsitatean sartzeko ebaluazioari dagokion probari buruzkoa» da. Bigarrena «lege honek hezkuntza formalari eta ez-formalari buruz planteatzen duen dikotomiari lotuta dago», LOMLOEk biak plano desberdinetan formulatzen dituelako, nahiz eta mundu mailako esperientziek hezkuntza-eskaintza integralen onurak agerian uzten dituzten. Hirugarrenik, «nabarmendu behar da ez direla betetzen eskola laiko baten helbururako eskaerak, printzipio gidari gisa ezagutza zientifikoan eta kontzientzia-askatasunean oinarritutako Hezkuntza Sistema eraikitzeko». «Beste aukera galdu bat», diote.

Publicidad

Hizkuntzen auzia

«Euskarari eta galegoari dagokienez, ezin dugu aipatu gabe utzi hogeita hamazortzigarren xedapen gehigarria», nabarmendu dute. «Xedapen horren bidez, gobernu autonomikoek beharrezko neurriak hartu ahal izango dituzte ikasle guztiek komunikazio-gaitasun osoak bi hizkuntzetan eskura ditzaten, hizkuntza-murgiltzearen ereduan sakontzeko aukera emanez eta hizkuntza-erabilerak patioetara, eskola-jantokietara eta jarduera osagarrietara eta eskolaz kanpoko jardueretara hedatuz».

Gaztelaniari dagokion «komunikazio-hizkuntza» kontzeptua desagertzeaz harago, «xedapen gehigarri honen 3. paragrafoak hainbat neurri hartzeko aukera ematen du, ikasleek euskarazko eta galegozko hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna behar den maila lor dezaten bermatzeko». Hori gauzatu ahal izateko, dena den, «ezinbestekoa da euskal eta galiziar hezkuntza-sistemak arautuko dituzten hurrengo legeek bi hizkuntza nazionalak komunikazio-hizkuntza eta ikaskuntza hizkuntza gisa ezartzea gure hezkuntza sistemetan, gaitasun maila bikaina bermatuz».

Publicidad

Ildo honetan, ongietorria eman diete otsailaren 10ean Institut d 'Estudis Catalans (IEC), Real Academia Galega (RAG) eta Euskaltzaindiak sinatu zuten adierazpenari. Bertan, hiru hizkuntzen presentzia indartuaren beharra nabarmentzen da, bakoitza bere hezkuntza-sisteman eta hizkuntza propioa duten erkidegoetako hezkuntza sistemako hizkuntza araubideak hizkuntza bakoitzean eta gaztelanian gaitasun osoa eta berdina bermatzeko helburua izan behar duela defendatzen dute«. Eta hori, Ikastolen Elkartearen eta Sementeren aburuz,«hizkuntza-murgiltzearen bidez baino ezin da lortu».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad