Polimeroen birziklapenean aurrerapausoa eman du EHUko ikerlari batek
Haritz Sardon doktoreak eta Coralie Jehanno ikertzaileak gidatutako taldeak modu kritikoan aztertu ditu plastikoen polimeroak birziklatzeko egungo metodoen abantailak eta erronkak ekonomia jasangarria lortzeko bidean
Lunes, 11 de abril 2022, 15:45
UPV/EHUko eta POLYMATeko zientzialariak buru dituen ikertalde batek modu kritikoan aztertu ditu plastikoen polimeroak birziklatzeko egungo metodoen abantailak eta erronkak ekonomia jasangarria lortzeko bidean. Ikuspegi hori Nature aldizkari ospetsuan argitaratu da, eta plastikoen birziklapena sustatzeko metodo puntakoenak erakusten ditu.
Publicidad
Argitalpen honen helburu nagusia da plastikoen birziklapenean eta gainziklapenean erabilitako azken prozesuak modu kritikoan ebaluatzea. Hondakin plastikoak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko estrategiak garatzea erronka handi bat da, bai zientifikoki, bai sozialki, hondakin plastikoen kopurua murrizteko ez ezik, baita berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ere.
Horregatik, Haritz Sardon doktoreak dioenez: «Bi urte behar izan ditugu lan hau osatzeko, eta plastikoen balioa handitzeko eta plastikoen arazoa gutxitzeko alderdi kimikoak jorratzeaz gain, plastikoak birziklatzea berotegi efektuko gasak murrizteko ezinbestekoa dela frogatzen duten bizi zikloak ere biltzen ditu».
Sardon doktorearen ikertaldeak egindako lanari esker eta ekonomia zirkularrean eta polimeroen birziklapenean esperientzia handia duten nazioarteko ikertaldeekin egindako lankidetzei esker, «plastikoen birziklapena sustatu ahal izatea» espero du ikertzaileak «horrela, epe ertainean plastikoen ekonomia jasangarri bat lortu ahal izateko».
Ikerketa Coralie Jehannorekin batera gidatu du eta Birminghameko Unibertsitateko (Erresuma Batua), Ganteko Unibertsitateko (Belgika) eta Ipar Carolinako Unibertsitateko eta Coloradoko Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) nazioarteko ospe handiko zientzialariekin lankidetzan burutu da.
Publicidad
Sardon Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle atxikia eta POLYMATeko Katalisi eta Polimero Jasangarrien taldeko liderra da. Haritz Sardon doktorea Kimikan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gero, Histocell enpresan aritu zen tarte labur batez eta, ondoren, doktoratu ondoko egonaldi bat egin zuen IBMn (Kalifornia); polimerizaziorako organokatalisiaren erabileran lan egin zuen. Doktoratu ondoko egonaldiaren ondoren, Espainiara itzuli zen Juan De la Cierva beka batekin, POLYMATen lan egiteko. 2016an IKERBASQUE beka jaso zuen, eta, aurrerago, 2018an, UPV/EHUn sartu zen irakasle laguntzaile gisa (Kimika Fakultatea).
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión