Argitu da golen misterioa
Bost penaltiak ·
Elx-era joan behar izan zuen Realak entrenamenduetan ere topatzen ez zuen inspirazioa aurkitzeko. Han ere kosta zitzaion hostotza itxiko baso zuri-berdean bidea egitea. Baina lanak izan zuen bere saria1
Lehen aldiz txuri-urdinen hiru gol Martínez Valeron
Ez dira gol askoko partidak izan Realak Elx-en jokatu izan dituenak, Lehen Mailan bederen. 1-1ekoa izan da Martínez Valeron gehien errepikatu den emaitza ... eta gutxitan gainditu da bi goleko muga, salbuespenak salbuespen (60ko hamarkadan izan ziren 5-0koa eta 4-2koa, adibidez, baina Altadix-en). Reala denboraldi hasiera honetan agerian uzten ari zen punteria falta (baita entrenamenduetan ere Imanolen hitzetan) kontuan izanik, ez zirudien estatistika horretan aldaketa handiegirik egongo zenik. Are gutxiago lehen zatia eta Elche-ren (5-4-1) planteamendua ikusita. Estatistikek beti dute zuloren bat, ordea.
Publicidad
2
Bada topikoak atzean uzteko garaia; iritsi berriak ez dira arazo
Realak Lehen Mailara igo berri diren taldeen zelaietan nahi baino arazo gehiago izaten dituela-eta realzale askok konfiantza gehiagorekin aurre egin izan diete talde handien aurkako norgehiagokei talde xumeagoen kontrako erronkei baino. Bada, ordea, mantra hori alde batera uzteko garaia. Izan ere, aurreko denboraldian hiru garaipen lortu zituzten txuriurdinek iritsi berriei egindako bisitetan; eta 2018-19 denboraldian ere puntuak lortu zituzten hiru norgehiagoketan (bi berdinketa eta garaipen bat). Atzokoaren ostean errepikatzen hasi beharko gara iritsi berriak direla Realari beldurra izan behar diotenak.
3
Hirugarrenean ere zortea ez zuen alboan izan Isakek
Aditu gehienek ziurtzat jotzen zuten Imanolek Willian Jose aterako zuela hasierako hamaikakoan. Aurreko bi partidetan Isaken alde apustu egin ostean, bazirudien brasildarrarena izango zela Elche-ren defentsan zuloak topatu eta ate aurrean asmatzeko ardura. Aurreikuspenak hautsiz Imanolek berriro ere suediarra sartu zuen lehen zerrenda horretan. Eta oraingoan ere ez zuen zorterik izan Isakek. Mugitu zen aurrelaria, baloiak bilatzen saiatu zen eta aukera argiak ere izan zituen, baina batzuetan mantso ibili zelako, errematea irakurri ziotelako edo Badia argi ibili zelako, esku-hutsik bueltatu zen Donostiara.
4
Urteurren biribila, bi esku-hartze eta biak ere ezinbestekoak
Hasiera batean pentsa zitekeena baino partida zailagoa izan zuen atzo Álex Remirok. Egia da Realak kontrolpean izan zuela partida eta oso gutxitan izan zela Elche arazoak sortzeko gai. Baina gertatu ohi da halakoetan, ia joko guztia urrutitik jarraitu behar izaten denean, atezaina nolabait erlaxatzea eta tentsioa galtzea. Atzo, ordea, erreflexuen etengailua amen batean pizteko gai izan zen nafarra txuri-urdinen bi hutsegiteren ostean Elchek aukera oso garbiak izan zituenean. Bikain erantzun zuen Remirok bietan ere, egoera salbatuz. Bere debutaren urteurrenean arrazoia eman zien bere alde apustu egin zutenei.
Publicidad
5
Díaz de Meraren debuta ez dugu guk txartzat joko
Gipuzkoan eta Alacant-en ez ezik, Gaztela Mantxako Daimiel herrian ere arretaz jarraituko zuten ziurrenik atzoko norgehiagoka. Harro daude han herritar bat Lehen Mailako epaile izatera iritsi dela-eta (alkateak harrera instituzionala egin zion udaletxean Isidro Díaz de Mera Escuderos-i igoera lortu zuenean). Lehen aldiz egin zituen epaile lanak Realaren partida batean, eta ez dirudi realzaleok kexatzeko moduan gaudenik. Epaileak luparen azpian jarri ohi ditugu eta nolabaiteko zerrenda beltz eta zuriak ere egin izan ditugu gure taldearen alde edo kontra hartutako erabakiak zenbatuz. Beltzera behintzat ez da pasatu.
Elx-Real Sociedad
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión